Konfinamenduaren egun hauetan, gorantza begiratzen hasi eta, argi kutsadura eta lainoen baimenarekin, planeta eta izarretaz gozatzeko aukera izan dugu. Ez hori bakarrik, garai hauetako zeruetan beste biztanle batzuk ere baditugu eta ISS Nazioarteko Espazio Estazioaren ehizan ibilitako astro-zaleak ezagutzen banituen, orain Starlink sateliteak direla eta, zale berriak zabaldu dira. Zeuek ere ikusiko zenituzten, zuzenean ez bada ere, mezularitza aplikazio zein sare sozialetan jasotako argazkietan: zeruan lerrokatuta eta abiadura “handian” doazen argi puntuak.
Apirilaren 22an, SpaceX-k, garraio espazialerako Elon Musk famatuak sortutako enpresak, bere zazpigarren Starlink misioa egin zuen. Gainazaletik 550 kmra ibiliko diren azken 60 satelite hauekin, 420 dira egitasmo honen barruan orbita hurbilean jarritako sateliteak, sarea guztiz osatzerakoan zenbait mila izango direlarik.
Starlink satelite bidezko abiadura handiko Internet konexioa eskainiko duen sistema da. Lurreko azpiegituren kokapen eta zabaltzearen menpe ez dagoenez, orain arte ezinezkoa edo oso garestia izan den lekuetara iritsiko da, abiadura… Click To Tweet
Startlink satelite bidezko abiadura handiko Internet konexioa eskainiko duen sistema da. Lurreko azpiegituren kokapen eta zabaltzearen menpe ez dagoenez, orain arte ezinezkoa edo oso garestia izan den lekuetara iritsiko da, abiadura handiko Internet sarbidea Lur osora zabalduz eta, euren esanetan, merke, fidagarri, pribatu eta segurua izango da. Asmoa, Ipar Amerikan 2020rako zerbitzua eskaintzea da, horretarako derrigorrezkoa zen 420 satelitera iristea eta, esan bezala, hau eginda dago; eta 2021rako estaldura mundu habitatu gehiena hartuko duela esan dute.
Internet zerbitzua emateko orain arte zerbitzuan egon diren satelite gehienak geo-egonkorrak izan dira, hau da, lurraren abiaduran mugitzen dira gurekiko beti leku berdinean egoteko, horrela, gure parabolikoa puntu horretara begira jarri eta konexioa lortzen da. Honen arazoa, orbita hauek 36.000 kmra eta ekuadorrean kokatuta daudela da. Alde batetik latentzia arazoak emango ditu, hau da, eskaera bidali eta erantzuna jaso bitarteko denbora “luzeak” distantzia dela eta. Bestetik, ekuatorean egoteagatik, gero eta poloetatik hurbilago seinalea jasotzeko arazo gehiago, “okertuta” iristen baita. Eta beti leku berdinean daudenez, kokapen batzuk mendi edo eraikin handien itzalpean egongo dira beti.
Starlink sateliteak orbita hurbiletan jarriko dira denak, lurrazaletik 550 – 1325 kmko distantziara eta ekuatorearekiko angelu desberdinetara. Agian hurbilagoak, apirilaren 20an FCCra aurkeztutako planaren berrikuste baten 335.9-346.9 kmra direnak erabiltzeko eskaera egin baitu. Distantzia txikiagoek latentzia txikiagoak ekarriko dituzte, ekuatorearekiko angelu desberdinetara egoteak estaldura hobeak.
Lurraren ain gertu egoteak berriz, lurrera ez jausteko oso abiadura handietan mugitu behar direla esan nahi du, 7700 m/s ingurura, hau da buelta oso bat egiteko ordu t’erdi pasatxo!!! (kalkuluak egin nahi badituzue Newton-en grabitazio unibertsalaren legea gogoratu).
Noski, konturatuko zineten honek arazo bat dakarrela: sateliteak ez daude gurekiko beti leku berdinean, eta beraz ezin dugu parabolikoa leku batera begira jarri, beste sistema bat behar da. Horregatik satelite gehiago behar dira, eta hardware eta software konplexuagoak. Starlinken kasuan pizza kutxa baten tamainako eta zerura jarriko diren terminalak erabiliko dira, zenbait antena eta sateliteak non dauden jakitzeko softwarea izango dituztenak.
Dena ez da arrosa kolorekoa baina. Gabeko zeruaz gozatzea oztopatzen digun argi kutsadura orain arte gehien bat betik gorakoa izan da, geuk sortutako argi artifizialarena. Eta bai, Ikusgarria da, lerro horiek ikustea. Baina hori da gure ortzean ikusi nahi duguna? Milaka puntutxo alde batera eta bestera, Pertseidak, Orion ikusgarria edo Iparrizarra bereiztea ere zailduko digutenak?
Elon Musk-en esanetan, badabiltza hau konpontzeko bidean. Bidalitako satelite batzuek estaldura berezi bat dute iristen zaien argia zurgatzeko, ikusezin bihurtuz, eta elektrizitatez hornitzeko erabiltzen dituzten eguzki panelen angelua egokitzen ari dira hauen isla ahal den beste mugatzeko.
Mundu osora zabalduko den Internet azkarra, merkea, fidagarria, pribatua, segurua… eta gainera, diru hori Martitzera joateko Starship proiektua finantziatzeko erabiliko duela esan du Elon Musk berak…
Bueno, hori beste artikulu baterako….
Oraingoz, Starlink sateliteena deigarria iruditzen zaidan arren…. Nik Orion nahiago.