“Adimen artifizialak liluratu, txunditu egiten gaitu”. Esaldi hori datorkit burura maiatzaren 12ko Elhuyar solasaldia gogoratzen dudanean. Elhuyarren eta Usurbilgo Udalaren artean antolatutako hitzaldi-zikloaren azkena izan zen, “Adimen artifiziala hizkuntzan: nola eman ikuspegi soziala” izenekoa, eta bertan parte hartzeko aukera izan nuen.
Oholtzatik hitz egin zuten Xabier Arregi Iparragirrek (Hitz zentroa) eta Xabier Saralegi Urizarrek (Elhuyar), biak adimen artifizialean eta hizkuntza naturalaren prozesamenduan adituak. Biak dira informatikan doktoreak eta puntako ikerlariak, eta adimen artifizialaren gaia landu zuten, teknikoki dituen ezaugarriez baino, teknologiok erabiltzeak arlo sozialean ekar ditzakeen alborapenaz hitz egin zuten; baita sor daitezkeen aukerez ere.
Arregi eta Saralegik argi utzi zuten adimen artifiziala zer zen, eta teknologia horren erabileran arlo sozialean eragin zuzena daukala; teknologia eta erabilera, gainera, biak daude gure esku.
Saralegi izan zen aurkezpena egin zuen lehena, eta adimen artifiziala egunero erabiltzen ditugun tresnetan integratuta dagoela gogorarazi zigun. Teknologia horrek sortzen duen alborapenaz ere hitz egin zuen, eta baita adibideak eman ere; besteak beste, aurpegiak ezagutzeko sistema batek nola arraza beltzeko pertsonak tximinoekin nahasten dituen, eta genero-estereotipoek nola eragiten duten itzulpen automatikoaren emaitzan. Adibideok adimen artifiziala oinarri duten sistemek sortutakoak dira, eta emaitza horietan nola eragin pentsatu behar dugu; eta soluzioak proposatu. Helburua litzateke ahalik eta alborapen gutxien duten sistemak sortzea, edo horretan saiatzea, behintzat. Hori lortzeko lanetan hainbat ikerketa-ildo daude irekita, eta horiei heltzeko asmoa adierazi zuen Elhuyarreko kideak.
Digitalizazioak eta adimen artifizialak bestelako alborapen batzuk ere sortzen ditu; esaterako, euskara bezalako hizkuntza gutxituei garrantzia txikiagoa ematea, hiztun gehiago dituzten hizkuntzekin alderatuta. Arregik argi dauka hizkuntza adimen artifizialaren muinean dagoela, binomio askaezina dela. Adimen artifiziala gaur egun goraldian dagoela, eta hori horrela izateko gakoak zein diren azaldu zuen: sare neuronalak eta ikasketa sakona, datu-multzo erraldoiak eskura izatea eta konputazio-ahalmenaren gorakada. Osagai horiekin guztiekin lortu da sistema arrakastatsuak sortzea, eta adibide gisa jarri zituen euskararaz erabiltzen ditugun azken belaunaldiko itzultzaile automatikoko sistemak, tartean, Elhuyarrek eta Ixa taldeak elkarlanean sortutako elia.eus itzultzailea.
Asko dira arrakasta izaten ari diren proiektuak, baina Arregik argi dauka teknologia bera ez dela jainkotu behar, eta, nolabait, erraldoi teknologikoen agindupean gaudela; beste modu batera esanda, teknologia hauek garatzen dituzten Interneteko erraldoiek paper garrantzitsua jokatzen dute hizkuntza-teknologien garapenean. Erakunde horiek arduraz eta etikaz jokatzen dutela diote, baina ez da hain erraza.
Solasaldian bertan euskarak eremu digitalean daukan indarraz eta hori horrela izatearen garrantziaz hitz egin zuten Arregi eta Saralegik. Ados zeuden euskara bezalako hizkuntza batek estrategia digital propioa behar zuela; hizkuntza-teknologien garapena Interneteko erraldoien esku soilik uzten bada, hizkuntzaren heriotza digitala etor litekeela.
Errealitate horren aurrean alternatibak bilatu beharko genituzkeela adierazi zuten, hizkuntza-teknologien alorrean euskara oso ondo kokatuta dagoela, eta bertako erakundetan egiten diren ikerketa-proiektu eta garapenengatik dela hori. EHUko Hitz zentroa parte hartzen ari den Europar proiektuen berri ere eman zuten, eta Elhuyarrekin batera garatzen ari diren Linguatec proiektuan euskarak digitalki egin duen bidea nola beste hizkuntza gutxituen eredu den azaldu zuten.
Usurbilgo Sutegira bertaratu zirenek ere gaiari buruzko galderak egiteko aukera izan zuten. Solasaldia oso interesgarria izan zen, gaur-gaurko gaia den adimen artifizialari buruz gehiago jakiteko, eta teknologia horrek eman ditzakeen aukerez eta erronkez hausnartzeko aproposa. Euskara eta adimen artifiziala dagoeneko bidelagun dira, eta hemendik aurrera ere bide oparoa izango dute elkarrekin, ziur. Adimen artifizialarekin sortutako emaitzek liluratu egiten dute, baina horri modu kritikoan begiratzeko formulak bilatu behar ditugu, emaitzak zalantzan jarri eta are sistema hobeak sortu.