Neuroteknologiatik neuroeskubideetara.

Years and years telesailean, Bethanyk bere gurasoei transhumanoa dela esaten dietenean, hauek zeharo izutzen dira.  Ez dio axola, eta eskua interfaze moduan erabiltzeko inplante zibernetikoak ezartzen ditu: hatzamarra gorantza bolumena igotzeko, surflarien keinua eginez telefono deia egin, ordenagailu zein telebistan nabigatu…  

Ez du nahiko eta… kontuz espoilerra datorrela…. Trama larregi ez zapuztearren bakarrik esan burmuinean sarearekin elkarrekintza egitea ahalbidetzen dion inplantea egitea lortzen duela. Hori bai, gobernuak ordainduta eta jasotzen duen informazioa gobernuarekin partekatzeko obligazioarekin.

Horrelakoak oso urrun direla ematen duen arren, aurrerapauso handiak eman dira azkeneko urteetan, eta hortik kezka: iritsiko da eguna noiz gure pentsamendu, sentimendu eta ekintzak gure baimen edo baimen barik teknologia erabilita irakurri eta kontrolatu ahal izango diren?

Begi bionikoak agertzen dira aipatutako telesailean, eta bidean gaude.  Columbiako Unibertsitatean, DR. Ken Shepard buru den taldeak 0,015 milimetroko lodiera baino ez duen elektrodo array bat diseinatu du. Honen helburua begi bioniko eta kortex bisualaren arteko interfaze moduan lan egitea da, ikusmena galdu duten pertsonei berreskuratzeko bidean jarriz.

 

 

Abuztuan berriz, Neuralink enpresak diseinatutako burmuinean ezartzen den txiparen aurkezpena egin zuen Elon Muskek, kasu honetan txerri baten burmuinean txertatuta. Hurrengo pausua pertsonekin probatzea da, eta esandakoaren arabera FDA-ren baimena lortuta dauka.  Aurkezpen eztabaidagarri honen inguruan gehiago jakin nahi baduzue ez galdu Eva Caballerok “La mecánica del caracol” irratsaioan Amanda Sierra neurobiologoari egindako elkarrizketa

Thiruvananthapuram, Indiako hegoaldea, 2014ko martxoaren 28a.  Hango laborategi baten zegoen pertsona batek “hola” pentsatu eta Estrasburgon zegoen beste pertsona batek jaso zuen mezua. Lehen aldiz lortu zen bi giza garunen arteko urruneko komunikazio zuzena eta kontzientea ezartzea.  Elektrodoak zituen kasko batek igorlearen garunaren elektroentzefalograman erregistratu zituen aldaketak, “hola” hitza kode bitarrean pentsatzen ari zela. Igorleak eskua mugitzea pentsatzen zuenean interfazeak 1 bat erregistratzen zuen, eta oina mugitzea pentsatzen zuenean 0 bat erregistratzen zuen, hitz osoa kodetu arte.

Internet bidezko loturaren beste muturrean, Estrasburgon, hartzaileak begiak tapatuta eta garuna interfaze robotiko batera lotuta,  140 bit horiek “fosfeno” moduan jaso zituen, ikusmen periferikoan agertzen diren argi flashak.

Begi bionikoa DARPAk, Estatu Batuetako armadaren ikerketa agentziak, finantzatutakoa da eta orain dela gutxi, talde berdinaren zaurien sendaketa monitarizatu eta prozesua azkartzeko beste egitasmo baten ere dirua sartu du. Begi bionikoa ikusmena galdu duten pertsonentzako oso ideia ona da…. Soldadu bati ikusmen areagotua emateko erabili litekeena beste alde batetik.

Neuralink enpresaren jabea Elon Musk da, eta Microsoft-ek diru mordoa sartu du horretan. Facebook, Apple eta Google, antzeko proiektuen atzetik dabiltzatela ere entzun da.  Sare sozialetan gure datuekin gertatzen ari dena ikusita, neuroteknologien bidez lortutakoekin jokabide etiko bat izango zutela pentsa genezake?

 

 

Rafael Yuste, Obamak bultzatu zuen garuna ikertzeko Brain proiektu erraldoiaren sustatzailetako bat da eta gai honetaz oso kezkatuta dago.  Erantzukizun kontua dela dio, bera da azken finean ikerketa hauetako sortzaile eta bultzatzaile garrantzitsuenetariko bat, eta 2016tik dabil beste aditu, ikerlari, filosofo, politikari…. batzuekin “neuroeskubideak” definitu nahian.  Urriaren 7an eta Guido Girardi Txileko senatorea eta beste aditu batzuekin batera, hauek babesteko munduko lehenengo lege proposamenak aurkeztu zituen. 

Berak dion moduan, ez da hainbeste ikerketa eta garapenak mugatzea, garbi dago teknologia hauen onurak zeintzuk izan litezkeen lehenago esan dugun bezala. Baina teknologia ber hauek, gaizki erabilita, distopia sozial eta politikoak ez ezik, existentzialak ere eragin ditzakete Rafael Yusteren arabera.  Oreka puntu bat topatu nahian, berak zuzentzen duen Columbia Unibertsitateko “Neurorights Initiative”-k bost neuroeskubide hauek proposatzen ditu:

  1. Nortasun pertsonalerako eskubidea: limiteak jarri behar dira teknologiak ez dezan pertsona baten kontzientzia eta sare digitalen arteko muga gurutzatu.
  2. Aukeramen eskubidea: edonork bere erabakien jabe izan behar du, kanpoko neuroteknologien manipulazio barik.
  3. Pribatutasun mentalerako eskubidea: aktibitate neuronalaren bidezko datu denak (neurodata) pribatutasunean mantendu behar dira. Hauen salmenta, transferentzia eta erabilerak zorrozki erregulatu beharko dira.
  4. Garun areagoturako bidezko sarbidea: garun areagoturako teknologien garapen eta aplikazioak ondo arautu behar dira. Arauak zuzentasun printzipioan oinarrituta egon beharko dira, eta gizaki ororen bidezko sarbidea bermatu beharko dute.
  5. Aurreiritzi algoritmikoen kontrako babesaren eskubidea: ikasketa automatikoan aurreiritziak borrokatzeko neurriak era organikoan ezarriko dira. Algoritmoen diseinuak erabiltzaile talde anitzen sarrerak eduki beharko ditu, aurreiritziei oinarritik heltzeko.

Berandu iritsi ginen sare sozialak behar den moduan arautzera. Ekin ezkero, neuro-teknologientzat garaiz gara.