1969 urtea berezia izan zen, NASArentzat ez ezik, Apolo 11ren ilargiratzea eta Neil Armstrongen ilargian emandako lehen oinkada ikusi zuten guztientzat ere. Garrantzitsua dirudi aipatzea Neil Armstrongek ilargia zapaltzea lortu bazuen, neurri handi batean Sobietar Batasunaren aurrerapenengatik eta Yuri Gagarinen, kosmonauta eta umorista sobietarraren lehen urratsengatik izan zela. Espaziora bidaiatu zuen lehen gizakia izan baitzen Yuri. Ezinbestekoa da pentsatzea edozein lorpenen aurretik gizateriaren beste lorpen asko daudela. Ez genuke hori sekula ahaztu beharko.
Esaten dutenez, garai hartako gazteek ordu batzuk eman zituzten beraien telebista estreinatuei edo irrati ez hain berriei itsatsita. Bi gertakariak historikoak izan ziren gizateriarentzat.
Ez naiz espazio kontuen zaleegia, eta, egia esan, software librearentzat mugarri bat aipatzeagatik ez balitz, ziur asko ez nintzateke artikulu labur hau idazten egongo (non, nahi gabe, hanka sartzeko arrisku nabarmena dudan).
Baina, Linux Martera iritsi izana garrantzitsua iruditzen zait.
Otsailaren 18an, Perseverance roverra planeta gorrian arrakasta handiz lurreratua izan zen eta, era berean, albiste interesgarrien berri ematekoa aukera eskaini zitzaion. Bada, film honetako aktore nagusietako bat, zalantzarik gabe, Ingenuity helikopteroa izan zen, Perseverance roverra Marten lur hartzen lagundu zuena. Ziur nago datu bitxi asko daudela helikopteroari buruz hitz egiteko, baina, nik honako honetan zentratu nahi dut arreta: helikopteroaren sistema eragilea… danbor erredoblea, Linux da! Adituek diotenez, NASAk urteak daramatza proiektua software libre gisa argitaratzen.
Agian Linuxek oraindik ez du lortu mahaigaina konkistatzea, baina ez gara jabetzen zein ezinbestekoa den pinguinoa gure bizitzako faktore askotan. Izan ere, Ingenuity helikopteroa Linuxen erabileraren beste adibide bat besterik ez da. Erabiltzen dugunik ere ez dakigun leku askotan ere aurki ditzakegu beste hamaikatxo adibide, Internet gobernatzen duten zerbitzari gehienetan, esate baterako. Uste dut ez dudala hanka sartuko esaten badizuet artikulu hau irakurtzen ari zareten bitartean GNU/Linux erabiltzen ari zaretela, sarean.eus webgunea bizirik edukitzea ahalbidetzen duen sistema eragilea baita.
Marteratzearen gaira itzuliz, Ingenuityk 1,8 kg pisatzen duela aipatu behar da, muturreko tenperaturak jasan ditzakeela eta modu erabat autonomoan hegan egiten duela (logikoki, kontrol erreala ez delako kasu honetan aukera bat). Imajinatu dezakezue helikopteroaren sistema eragilea Windows izatea? Zure helikopteroak arazo bat izan du eta berrabiarazi egin behar da.
Gure smartphoneak Vostok 1 edo Apolo 11 espazio-ontziek baino teknologia gehiago duen mundu honetan, GNU/Linuxek eta software libreak berebiziko garrantzia izaten jarraitzen dute benetan estimatzen ditugun zerbitzuei eusteko. Agian ez da ikusten, baina egon badago.
Ontziaren atea jotzen ari al dira? Espero dut Windows saltzaileak ez izatea.