Zer irudituko litzaizuke zure mugikorra zure ordenagailu pertsonala bihurtuko balitz? Eta zure lan-ordenagailua ere izango balitz? 

Gaur egungo telefono mugikorrek PC baten potentzia berdina edo handiagoa dute. Zer esanik ez pantailaren erresoluzio eta kalitatearekin alderatzen baditugu!

Dokumentuak sortu eta editatu, aurkezpenak prestatu, Interneten nabigatu, bideoak edota argazkiak moldatu… Orain arte ordenagailu baten berezkoagoak izan diren lanak, gaur egun mugikorrean egin ditzakezu. 

Zure telefonoa argazkiz, dokumentuz, jokoz, mezuez eta oharrez josita daukazu. Etxera iristen zara eta txokoan utzi beharrean, berarekin jarraitzen duzu. Egokigailu batera konektatuz lanean jarraitu dezakezu baina, kasu honetan, askoz leku handiagoa eta teklatu eta sagu baten azkartasuna eskaintzen dizkizun monitore batekin. Joan behar izanez gero, ez dago arazorik. Deskonektatu eta jarraitu autobusean, trenean edo zauden tokian.

Beraz, nola bihurtu zure Android, iPhone edo Windows mugikorra ordenagailu?

Jarraian, mugikorretarako sistema eragile nagusiekin nola egin azalduko dut:

  • Android

 

Android-en sistema eragilea duten ekipoak oso eskuragarriak dira eta periferikoak konektatzeko erraztasun ugari dituzte.

Teklatuak eta saguak bluetootha izanez gero, oso erraz konekta ditzakezu zure mugikorrera. Hori egin ondoren, gai izango zara zure telefonoa periferiko hauen bidez erabiltzeko. Bestalde, zure mugikorrak OTG (on the go) ataka badu, USB bidez, USB teklatua edo sagua ere konekta ditzakezu OTG egokigailu batekin. Konektore honek kanpoko disko gogor edota beste USB gailu batzuk konektatzeko ere balioko dizu. Baina nola egin mugikorra monitore edo telebista batean ikusteko?

Zure telefonoak telebistako irteerarekin bateragarria den konektore bat izan behar du. Micro HDMI konektore independentea izan dezake, baina gero eta arraroagoa da. Ohikoena karga-konektorea Slimport edo MHL (Mobile High Definition Link) estandarrekin bateragarria izatea da.

Bestalde, telefonoaren karga-portura zuzenean konektatzen diren HDMI egokigailuak eta USB atakak ere badaude. Azken hau izango litzateke irtenbiderik errazena eta idealena, baina zure telefonoarekin bateragarria dela ziurtatu beharko duzu, Androideko smartphone guztiek ez baitituzte estandar berberak erabiltzen.

 

  • iPhone

 

Apple iPhone mugikorren kasuan, ordenagailu bihurtzeko irtenbidea Android-ek eskaintzen duenaren antzekoa da.

Monitore bat konektatzeko, errazena eta merkeena Apple kable ofizial bat edo monitorearentzako HDMI irteera duen marka zuriko kable bat erostea da. Apple TV bidez ere egin dezakegu, baina askoz garestiagoa da. Kable bat erosten baduzu, iPhonearen antzinatasunaren arabera, Lightning ataka (iPhone 5 edo geroago) edo 30 pineko konektore zaharra (aurreko modeloak) erabiltzen duela ziurtatu behar duzu.

Teklatua eta sagua konektatzeko ordua iritsi da. Hala ere, iOS-ek ez du saguarentzako euskarririk. Beraz, teklatua bluetooth bidez soilik konektatu ahal izango duzu. Trikimailuaren bat badago; zure gailua ‘hackeatuta’ baldin badago (jailbreak bat eginda badu), sagua konektatzeko aukera izango zenuke. Baina hori ez da modu ofiziala, eta ez litzateke egokiena izango.

 

  • Windows Phone:

 

Zure mugikorrak Windows Phone badu, garrantzitsua da jakitea Microsoft-ek Display Dock baliatzen duela smartphonea ordenagailu bihurtzeko. Horren bitartez, zure Lumia Windows 10ekin konektatu ahal izango duzu pantaila, sagu eta teklatuarekin batera. Hala ere, ez da gailu guztiekin bateragarria, izan ere, Lumia 950 familiarentzat diseinatuta dago.

Prozesu hau behar bezala egin ahal izateko zure pantailak edo monitoreak HDMI sarrera bat edo DisplayPort bat izan behar du. Teklatua eta sagua USB bidez konektatuko dira gailu horretara. 

Windows 10 pantailan, ordenagailuan bezala ikusteaz gain, zure telefonoaren datuak ezagutzeko aukera izango duzu, bateria-maila edo telefonoaren menua, tartean. Gainera, telefonotik aplikazio bat erabiltzeko aukera izango duzu, konektatuta dagoen monitoretik beste batean zabiltzan bitartean. 

Esan beharra dago Microsoft-en irtenbidea aurreratuenetako bat dela telefonoa ordenagailu bihurtzeko. 

 

Mugikorra biltegiratzea

 

Puntu honetara iritsita, badugu ordenagailu funtzional bat. Gure mugikorrak CPU lanak egiten baditu, eta monitorea, teklatua eta, agian, sagu bat konekatuta baditugu, lanerako aplikazio egokiak deskargatzea izango litzateke hurrengo pausua. Arazo bakarra mugikorraren biltegiratzean aurkituko genuke, izan ere, telefonoek memoria mugatua dute. Hala ere, kasu honetan, batzuek microSD memoria-txartelak erabiltzeko aukera ematen dute. Baina hori zure terminalarekin ezinezkoa bada edo irtenbide aurreratuagoa nahi baduzu, hodeiko biltegiratze-zerbitzuetara (Dropbox, Google Drive, etab.) jo beharko duzu.

Prest zaude pausoa emateko eta zure smartphone osoa ordenagailu bihurtzeko? Zure telefonoa, bai. Orain agian zure pentsaera aldatu eta mugikorrari beste erabilera bat ematea dagokizu. Zure musikara, argazkietara eta fitxategietara ahalik eta erosoen sartzeko aukera izango duzu, baita ohiko ordenagailu batekin egingo zenituzkeen lan guztiak idatzi eta egin ere, den-dena zure mugikorretik. 

Hau al da etorkizuna?