Lagun askori pasatu diedan artikulua idatzi zuen orain urtebete Igor Leturiak Sarean.eus-en. Bertan, smartphone askearen bila egin zuen misioaren berri eman zigun, tituluan bertan adierazten duen bezala, misio (ia) ezinezkoa. Esango nuke primeran laburbiltzen duela gaur egungo egoera, baina nire hitzetan laburbilduko dizuet: software librearen alde gaudenok, izan bertute teknologikoagatik eta etikoagatik, oso erraz daukagu ordenagailua software librera eramatea, baina bidea ez da hain erosoa gauza bera telefono mugikorretan egin nahi badugu. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuet.
Software librera salto egin nahi dutenekin berba egiten dudan guztietan gauza bera esaten diet, funtsean, bi aukera daudela. Lehena, nire ustez egokiena, software librera gutxika salto egitea. Aukera honek bi fase ditu, lehenengo fasean, gaur egun erabiltzen duzun sistema eragileko software jabeduna, software libreagatik aldatzea, adibidez, Chrome kendu eta Firefox erabili. Bigarren fasean, eroso sentiaraztea lortuko duen GNU/Linux banaketa bat instalatzea zure gaur egungo sistema eragilearekin batera, adibidez, Linux Mint eta Windows. Bigarren aukera gisa, basatiena akaso, gaur egun erabiltzen duzun sistema eragilea ezabatzea eta sistema eragile erabat librea eta etikoa jartzea, hala nola, Debian GNU/Linux.
Bada, gauzak horrela, honek telefono mugikorretarako ere balio duelakoan nago. Zuotako askok, agian ez duzue gogoko ROM desberdinekin (Lineage OS, /e/…) jolasean ibiltzea, izan beldurra ematen dizuelako telefono mugikorra apurtzea, izan bide hau, eta hona Igorrek hori aipatu izanaren zergatia, ia misio ezinezkoa delako ezagutza teknikoa ez duenarentzat. Telefono mugikorren kasuan, gehienetan, tarteko zerbait egitea gomendatzen dizuet. Hau da, gaur egun erabiltzen duzuen telefono mugikorrean software librea diren aplikazioak instalatzea eta egunero-egunero erabiltzen duzun software jabeduna (telefonoaren kasuan gehiengoa izango da), software librearekin ordezkatzea. Etorriko da ROM libre bat jartzeko momentua.
Eta aukera hau nirekin batera azter dezazuen ipuin bat idazti dizuet. Girotu ezazue, mesedez, Blade Runner gisako giro ziberpunkean. Argi baitago irakurle ona ez dela, inondik-inora, idazle ona.
Baina hasi orduko: Ezagutzen duzue F-droid? Software librea diren aplikazioen biltegi bat da eta gauza benetan interesgarriak aurkituko dituzue. Gehiegi laburbilduz, Google Play gisako aplikazio denda bat da, baina bere aplikazio guztiak software librea dira.
Hemendik aurrera ipuin hau irakurtzen jarraitu nahi baduzu, F-droid instalatzea gomendatzen dizut. Ez da ezinbestekoa, baina gehiago goxatuko duzu irakurketa, bestalde, argiki eskasa 😉
Mugikorrean software libreko aplikazioak erabiltzeko zenbait gomendio
Udazkena heldu da eta goizeko serietan esnatu zara, ohetik izterra ateratze hutsak lan mental ikaragarria lapurtu badizu ere. Baina aspaldi sinatu zenuen kontratu prekarioa gogoratu duzu eta lan egitera altxatzea besterik ez daukazu. Alexari zein eguraldi dagoen galdetu beharrean leihoa ireki duzu, baina egunean zehar eguraldiak izango duen bilakaeraren berri nahi duzu eta Google Discover ireki beharrean euskaraz dagoen Forecastie ireki duzu.
Gosaldu eta batera eguneko berriak irakurri dituzu, Tiny-Tiny RSS erabiliz. Reddit irakurtzeko ohitura hartzen ari zarenez, bere aplikazioa ireki ordez, Slide aplikazioa ireki duzu, besteak beste ez dituelako iragarkirik, baina librea delako, bereziki. Mahaitik altxatu orduko lau e-posta zain dituzula jakinarazi dizu Gmail ordez instalatu zenuen K9-Mail-ek. Eta kaka egiten ari zaren bitartean, egutegia ireki duzu egunean zehar zer egin behar duzun jakiteko. Zera horiek zerrendatzeko. Baina ez duzu Google Calendar erabiltzen eta Etar ireki duzu, ahal dela, Nextcloud-era konektatuta.
Eguneko lehen Whatsapp-a bidali orduko, Whatsapp ezabatzea erabaki zenuela gogoratu, irribarre egin eta Element ireki duzu Sarean.eus-en software librearen inguruan idazten duen Dabid horri bere azken artikulua gustuko izan duzula esateko mezularitza pribatu eta federatua erabiliz.
Antsietatea zer den gogoratu ere ez duzu egiten Whatsapp ezabatu zenuenetik.
Etxetik irten zara eta autobusa galdu duzunez Transportr ireki duzu Google Maps ireki ordez. Bertan eskura duzu garraio publikoaren informazio guztia jaso duzu eta trena erabiltzea izan da aukera irabazlea. Bidaiak aspertzen zaituenez Tusky ireki duzu eta fedibertsoan zer berri dagoen irakurtzen hasi zara Twitter ireki ordez. Mastodon.eus-en jarraitzen duzun batek eguneroko atazak kudeatzeko Google Task erabili ordez Task erabiltzea gomendatu dizu eta horrekin batera Soma hartu behar duzula gogorarazi dizun jakinarazpena bidali dizu Calendula-k.
Lanean zenbait ohar hartu dituzu Nextcloud-eko Oharrak aplikazioan eta nahiko lan egin duzula erabakita, hamaiketakoa hartzera bajatu zara KeePassDX aplikazioa itxi eta gero. Ez duzu nahi beste inork zure pasahitzak kuxkuxeatu ditzan. QR & Barcode Scanner aplikazioa erabili duzu tabernako pintxoen zerrenda ikusteko. Ez zenuen mugikorrean Covid RADAR instalatu, baina kontzientea zara COVID-19 egon badagoela.
Bilera bat daukazu eta Google Maps erabili ordez OsmAnd~ ireki duzu GPS gisa erabiltzeko, eta eskerrak mapak lokalean gordetzen dituen, mugikorrean estaldurarik gabe geratu zara eta!!! Bilera bukatu eta gaurko lan-eguna bukatzeaz batera, erosketak egitera joateko momentua heldu da. Nextcloud-eko Oharrak aplikazioa ireki duzu berriz ere, erosketa-zerrenda irakurtzeko.
Erosketak egin ostean etxera itzuli zara eta LibreTorrent aplikazioan jarri zenituen torrentak ireki dituzu Netflix erabili ordez. Ohera sartu zarenean, orduantxe konturatu zara jada Chrome gogoratu ere ez duzula egiten, eta egun guztia zeneramala Firefox erabiltzen ia ohartu gabe. Kerik gabeko beste egun bat gainditu duzula gogoratzen duzu eta Ohiturak aplikazioan erre gabe sei hilabete baino gehiago daramatzazula irakurtzearekin batera, Firefox Klar ireki duzu, baina ez duzu sekula publikoki onartuko.
Gabon, software librearen maitale lizun hori!