Gaur egun ehundaka argazki atera ohi ditugu edozer nimiñokeria tarteko, eta udaran sekula baino gehiago. Agian oporrengatik, eguraldiak argazkiak ederragoak bilakatzen dituelako… auskalo. Gainera, guretzako garrantzitsua izango den argazkia bizpahiru aldiz ateratzen dugu, angelu perfektua edo batek daki zer aurkitu nahiean. Ez digu axola kopia kopuruak, dirurik kostatzen ez zaigulako. Akabo karretedun kameren garaia!

Orain ordea, udara amaitzear dagoela eta askok lanera bueltatu garela, ateratako milioika argazkiak non gorde ez dugu oso argi izaten. Telefonoan (edota argazki kameran) lekua kentzen dutela baino gehiago, sarri argazki eta une hauek galtzeko beldurra nagusitzen zaigu.

Gaur egun, argazkien segurtasun kopiak egiteko aukera asko ditugu. Hementxe, aukera batzuk azalduko ditut:

Flickr:

1TB ko edukiera gorde dezakegu. Argazkiak ikusteko aplikazio ezberdinak ditu eta ez dakit zer egiten duen, baina nire bikotearen esanetan Flickr-etik ikusten diren argazkiak normalean baino politagoak ikusten dira. Gainera, kameraren baldintzak guztiak agertzen ditu, GPS kokapena gordetzeko edota eskuz sartzeko aukera eskaintzen du, etab. Hori bai, Yahoo-n kontu bat izatea eskatzen du. Bideoak 500 MB arte bakarrik igo daitezke.

Google Photos:

Edozein dokumentu gordetzeko, Google Drive dago; baina espresuki argazkiak gordetzeko aukera da Photos.

Google-n kontu bat izanik, hau da, GMaileko helbide elektroniko bat izanik, Google Photos-era argazkiak igo daitezke. Mugikorretik ateratzen diren argazkiak ere zuzenean Googlera igotzeko konfiguratu dezakegu. Horrela ez dugu argazkiak galtzeko arriskurik.

Google Photos-ek gainera, argazkiak sailkatzen ditu, gaika edo momentuka edo beste hainbat sail xelebretan: selfieak gai batean sailkatzen ditu, janarien argazkiak beste batean… Badakizue, gaur eguneko gauza garrantzitsuak.

Astirik baldin baduzue frogatu ezazue dudarik gabe. Harrituko zaituzte: modu automatiko batean, gif-ak sortzen dizkizue!

Dropbox:

Ez bakarrik argazkiak, baizik eta edozer motatako fitxategiak gordetzeko balio du.

Google Photos bezala, mugikorretik argazkiak lainora igotzeko aukera eman ahal diozu, ordenagailu edo bestelakoen beharrik gabe. Azken urteetan argazki eta bideoak ikusteko app bat gehitu diote webguneari. Espazioa mugatu samarra duen arren, modu erraz batean lor daiteke zertxobait gehiago.

Modu honetako beste hainbat aplikazio daude merkatuan, baina hau izan zen lehenetarikoa eta oraindik hobetoen funtzionatzen duenetarikoa.

Instagram:

Niretzako argazkien sare soziala dena, argazkien kopia eta beste lagun edo jarraitzaileekin elkarbanatzeko balio duena. Kontzeptua oso da desberdina nire ustez, baina egia da zenbait pertsonek argazkiak gordetzeko ere erabiltzen dutela. Nolabait, hasiera batean Facebook-ek betetzen zuen funtzioa hartu du.

Hauek nire gomendioak, hauek baitira nik erabiltzen ditudanak edo gehien ezagutzen ditudanak. Orain zuen esku bat edo beste frogatzea, edo jadanik erabiltzaileak baldin bazarete, etekin guztia ateratzea: ez ahaztu aukera hauetariko gehienek aukera pila eskaintzen dituztela, lehen begirada batean ikus daitezkeenak baino askoz gehiago!