Sare sozialak ez dira gelditzen. Oraindik gazte samarrak diren arren, edo gazte samarrak direlako, aldaketa etengabean dabiltza, beraien lekua aurkitu nahi izango balute bezala.

2016 urtea zuzeneko bideoak emititzearen urtea izan omen zen.  Badirudi 2017a, berehalako mezuen eta arrastorik lagatzen ez dutenen mezu eta argazkien urtea izango dela diote adituek.

Azkenaldian hainbat berrikuntza txiki ekarri dizkigute sare ospetsuenek: Whatsapp-ek Status delako aukera ezarri du, Twitterren Momentuak agertu zaizkigu, edota Instagramek Zure Istorioa sortzeko aukera eskaintzen dizu, adibidez. Zertarako balio dute edota erabiliko ote ditugu? Ideiarik ez, eta ez dago gure esku hori aurreikustea: denborak, edo merkatuak, esango du hori.

Kontua da denok dakigula zertarako balio dezaketen Whatsapp, Twitter edo Instagram, edo zertarako erabiltzen ditugun behintzat. “Gauza berri” hauek gehitzearen kontuak ez du asko aldatuko beraien erabilera, eta beste behar batzuei erantzuten die: jende gehiago erakartzeko, erabiltzaileek gehiago erabili dezaten, izebergaren puntan egoteko, enpresak eta produktuak aurrera egiten dutelaren irudia emateko, etab.

Bai? Bakarrik hori, besterik ez?

Azken berrikuntza hauek guztiek beste elementu bat dute amankomunean: aukera berri hauen bizitza oso laburra da. Oso laburra. Eta horrek Snapchat belaunaldira garamatza.

Mondragon Unibertsitateak aurtengo ikasturtean digitalizaziori buruz hainbat hitzaldi antolatu ditu eta horietako batean Armando Liussi gonbidatu zuen, Mando ezizenez ezagutarazten dena.  (Mando enpresa oso garrantzitsuetan (Henkel, Volkswagen, Bertelsmann) eraldaketa digital gaiekin kolaborazio lanetan ari da.) Honek Snaptchat-en kasua aipatu zuen, Interneten ahaztearen eskubideen aldeko pertsonentzat sortutako sare soziala. Jendeak, orain, behar berri bat baitu: bere “gauzek” ez dezatela arrastorik utzi sarean.

Gaur egun gehien erabiltzen diren sare sozialetan, igotzen ditugun argazki eta komentario guztiak beraien zerbitzarietan gelditzen da eta ez dakigu oso ondo zer gertatzen den informazio horrekin ezta zenbat urtez ibiliko den bueltaka. Horri aurka egiteko jaio zen Snaptchat: hasiera batean argazkiak 10 segundo edo zuk aukeratzen duzun denboraz ikusi ditzake hartzaileak, eta ondoren desagertu egiten da arrastorik utzi gabe, zuk kontrakoa nahi ez baduzu, gordetzeko aukera ere ematen duelako. Gurean ez du aparteko oihartzunik izan, baina Estatu Batuetan nahiko sare hedatua da.

Facebook, Instagram zein Twitterrek filosofia honi gerturatzeko saiakera bat baino ez dira gaur eguneko aukera berri hauek. Esperimentu bat aurkezten dute: funtzionatuz gero, aurrera egingo du eta hobetuko dute. Bestela, beste hainbat ideia bezala, kendu eta ahaztu ditugu, Snaptchat-eatuko ditugu, Tuenti bezalako sare sozialak ahaztu ditugun bezala.

Denborak esango du zerbaitetarako balio duten, edota soilik zerbait berria sortzeko beharrak ekarri dituen. Denborak esango du baita saiakera hauek oroitzen ditugun edota gure garunak ere Snaptchat filosofia hartu ote duen: momentuan momentukoa, eta beste guztia ahaztu.

Hemen horrela aipatzen dudan arren, nire ustetan Whatsapp ez da sare sozial bat, baina horrela etiketatu omen dute zenbait adituk eta hargatik hemen sartzea.

Ez nuke amaitu nahi izango askoren ustez sare sozialek azken urteetan izan duten berrikuntzarik onuratsuena aipatu gabe: emotikonoak sartzeko aukera!!