Denbora asko pasatzen dugu sare sozialetan, gero eta gehiago. Ez dugu horretarako inolako azterketarik behar. Twitterren txio batean aipamena egin didatelako, Facebooken aspaldiko gelakide baten mezua jaso dudalako edo Instagramen aste honetako story-a ez dudalako argitaratu, beti dugu zereginen bat, ezinbestean egin beharrekoren bat sarean, edukiren bat utzi beharra. Hori Whatsapp, Telegram edo Signaleko mezuak irakurri eta erantzun ondoren, nola ez.

Sare sozialetaz haratago, gutxiago izanik ere, bagara RSS jario bidez informatuta mantentzen garenak, Feedly edo Newsify zerbitzuen bidez esaterako. Hedabide handiez gain, hain gustuko ditugun blog horien edukiak batera izan nahi ditugu bistadizo batean zer jazotzen den jakiteko, Sarean.eus edo Tropela.eus-eko blogekoak kasu.

Azken hauek elikatzen denbora daramagu blogariok. Hastapenetan ohikoa zen Blogsgpot erabiltzea, egun Blogger bezala ezagutzen dena Googlen eskuetara pasa ondoren; orain, aldiz, gehiago erabiltzen direla esango nuke Medium edo WordPress.com. Pentsa, neuk ere badut kontu bat Mediumen edukiekin, premeditazioz guztiz utzita dudan arren.

Blogetan bezala, sare sozialetan ere guztiok ari gara edukiak sortzen etengabe, salbuespenik gabe, goizeko gosariaren argazki batekin bada ere.

Baina nor da sortzen ditugun eduki horien jabea? Jarri zarete pentsatzen? Seguru denok duzuela erantzuna, baina ez diogu horri erreparatzen. Bai, erabiltzen ditugun plataforma horiek jabetzen dira gure sormen guztiez, guztiez salbuespenik gabe. Twitter da gure txio guztien jabe; Facebook gure horma, argazki eta, zoritxarrez, bisitatutako webgune guztien nabigazioaz; antzera Instagram, edo Blogspot nahiz Medium, edo bideo formatuan, Youtube. Guztiek euskarria doan ematen digute gure sormenen jabegoa izatearen truke. Hori dute negozio eredu, horiek dira onartzen ditugun baldintzak.

Espero dut gizartea pixkanaka jabetzen joatea zein garrantzitsua gurea dena gure eskutan mantentzea. Zaila zaigu sare sozialetan halakorik egitea, akaso Mastodon bezalako ekimenekin, baina blog bat abian jarri nahi baduzue benetan azter ezazue ea hosting bat hartu eta zuen wordpress propio bat izateak ez ote duen merezi, edo podcast bat sortu nahi baduzue zuen esku dagoen zerbitzari baten gordetzea.

Bai, aukera guzti hauetan ordaindu egin behar da, baina ez ote digu ba merezi gurea dena gure eskutan mantentzeak? Ez gaitzala inertziak eta abiadura geldi ezin honek ditugun eskubideei muzin egitera eraman ezer ordaindu nahi ez dugulako.