Domeinu berriak baliatuta berrikuntza interesgarria sortu du Googlek .new domeinuaren bidez. Domeinu hau erabiliz ekintza-deiak online egiteko lasterbideak asmatu ditu.

G Suitek lasterbide sorta bat sortu zuen iaz: docs.new, sheets.new, eta slides.new. Dokumentu, kalkulu-orri zein aurkezpen berri bat erraz sor daitezke, nola?, lasterbide horiek zuzenean helbide-barran idatziz. Click To Tweet

G Suitekin egindako froga horiek hasiera baino ez ziren izan. Izan ere, horren ondoren Interneteko beste hainbat zerbitzutan erabili ahal diren lasterbide berriak jarri zituen abian, betiere, .new domeinua erabiliz. Hemen horietako batzuk:

  • Playlist.new: Sortu erreprodukzio-zerrenda berri bat Spotifyn abestiak gehitzeko.
  • Story.new: Idatzi Medium-en axola zaizunari buruz.
  • Canva.new: Sortu Canva diseinu berria.
  • Cal.new: Sortu Google Calendarren gertaera berri bat zure nabigatzailetik.
  • Sell.new: Saldu zerbait eBay zerbitzuan.
  • Repo.new: Zabaldu biltegi berria GitHub-en.

Nahikoa da domeinu-izen horietako bat nabigatzailearen barran idaztea dagokion ekintza aktibatzeko. Eta laster gehiago egongo dira .new berriak sortzeko aukera erabiltzaile guztiei zabaldu baitie Googlek. 2020ko uztaila arte, .new domeinu-izenak eskatzeko erregistro-aldi mugatua zabalik dago. Eta 2020ko uztailaren 21etik aurrera, erregistroa erabiltzaile guztientzat zabalduko da, baldin eta erregistro-politika errespetatzen badu. Politika horrek erabileran oinarritutako murrizketa bat du, domeinu-izen guztiak ekintza berrietarako erabiltzen direla bermatzeko. Horrek esan nahi du .new domeinu-erregistro guztiek ekintza sortzeko edo edukia sortzeko fluxura eramatea, eta ekintza hau 100 eguneko epean abian egotea.

Domeinu berri hauek interesgarriak izan arren, prezioa muga handia izan daiteke erabiltzaileentzat, izan ere 550 dolarretako prezioan merkaturatu dituzte.

Ikusteko dago zein bide hartzen duten domeinu berri hauek, baina garbi dago ICANNek 2014an domeinu berrien merkatua zabaldu zuenetik, Internet aldatzen ari dela, eta horretaz jabetzea komeni zaigu.

Irudiaren jatorria: Medium