Atari honetan irakurri diodanagatik, Lorea Argaratek gai honetaz nik baino dezente gehiago dakielakoan naiz. Hala ere ausartuko naiz nire ezagutza mugatua zuen esku jartzen, ahalik eta erarik errazenean, ulertzeko moduan. Izan ere, garbi dut kriptodirua uste baino lehenago gure bizimoduaren parte izango dela eta prest izan behar gara aldez aurretik, ezjakintasunak sortzen duen beldurra gutaz jabetu ez dadin.

Kriptodiruaz hitz egiterakoan guztioi Bitcoin txanpona etorriko zaizue burura. Normala da, berau baita Blockchain edo bloke kateen hastapenetan arrakastaz aurrera egin zuen dirua. Hori da, ez dira gauza bera Bitcoina eta Blockchain-a: Blockchain-a teknologia bera da eta Bitcoina produktua. Egungo internetarekin alderatzekotan, HTML hizkuntza Blockchain-aren parekoa litzateke eta webguneak, HTMLan oinarritzen direnak, sarean.eus ataria kasu, Bitcoinaren parekoak. 

Orain arte datuak kopiatzen aritu eta aritzen gara sarean zehar. Word dokumentuak, musika edo audio fitxategiak, bideoak, argazkiak,… disko bat iTunesen erostean edo orain Spotify bidez entzutean, kopia bat ematen digute, originalaren berdin berdina. Nahi adina aldiz kopia daiteke. Hortik etorri dira legez kanpoko kopiak ekiditeko DRM edo beste sistemak zabalkundearen oinarria berau kopiatzean baitatza. Blockchain teknologiak, aldiz, softwarea kopiatu beharrean transferitzeko gaitasuna ahalbidetzen du. Jada software zati hori bat eta bakarra da, errepikatu ezin dena.

Blockchaina diruarekin erlazionatzen badugu ere, posible izango da aurreko adibideetarako erabiltzea: mundu errealean bezala, musika talde batek 1.000 kopia disko sortu ahalko lituzke banaka saltzeko disko fisikoa bailitzan, edo idazleek 20.000 liburu. Aplikazioak ugariak dira ikusten duzuen moduan. Orain arte Interneta informazioaren Internet moduan ezagutu dugu; orain balioaren Internet bihurtzen ari da.

Teknologia honen arrakastaren gakoa, errepikatu ezin diren softwareak sortzeaz gain, sistema deszentralizatu eta enkriptatua izatean datza. Boluntarioek jartzen dituzte zerbitzariak erabiltzaileen eskuragarri sarea osatzeko. Hauek dira meatzari moduan ezagutzen direnak. Ordainetan, Bitcoinaren kasuan bezala, kriptodiru kopuru jakin bat jasotzen dute blokea ixtean. Honenbestez, ez gaude banku edo multinazionalen zerbitzarien eskuetan, sare zabal eta publiko baten eskuetan baizik. Ez dago bitartekaririk eta guztia gardentasun osoz gauzatzen da.

Informazioa guztion eskuragarri izateak segurtasun arazoak izan daitezkeela pentsa araztera eraman gaitzake, baina ez da horrela. Katea uneoro ari da handitzen, bata bestearen atzetik, elkarrekiko dependentzia dutelarik. Diruren bat lapurtu nahi izatekotan aurreko guztia berridatzi beharko litzateke eta hori ia ezinezkoa da. “Ia” diot guztiz ezinezkoa dela ezin baita ziurtatu.

Laburbiltzeko, hauek lirateke nire ustez mundu berri hau ulertzeko kontutan hartu beharreko kontzeptuak:

  • kopiatu ezin den baina jabez aldatzeko gai den software da kriptodirua
  • sare deszentralizatu eta publikoen gainean sostengatzen dira
  • transferentziak enkriptatuta doaz eta elkar kateaturik

Gehiago sakondu liteke, askoz gehiago, baina gaitasunik ez izateaz gain, kontzeptu hauek oinarri egoki bat ematen dutelakoan naiz. Orain medioetan Venezuelaren Petroez edo Txinak atera nahi duen diru berriaz irakurtzean, edota Facebookek abian duen Libra proiektuaz nahiz Faircoin kriptodiru ekologikoaz, gauzak hobeto ulertuko duzuelakoan naiz, horixe baita post honen helburua.