Zenbat aldiz galdetu ote didate zein ote den telefono onena. Zein ote den aukeratu beharreko gailua. Zein den bai edo bai eskuratu beharrekoa. Aldaketek beldurra ematen digute, dudarik ez. Eta are gehiago gure informazio guztia duen gailua aldatzea tokatzen zaigunean.
Ba orain gutxi niri tokatu zait aldaketa egitea. Hala beharrez. Nire ONEPLUS3 maiteak kaput egin baitu, eta oraingoan, niri tokatu zait nire buruari galdetzea zein gailu erosi. Eta onartu beharra daukat, nahikoa buruko min eman dit aukeraketak.
Hala ere, zein gailu erosi dudan esan aurretik, eskerrak segurtasun kopiak eginak nituela: Kontaktuak sinkronizatuak, WhatsAppeko mezuen segurtasun kopia egina, argazkiak ordenagailura pasa berriak… telefonoa zaharra galdu izanak mega gutxi batzuen galera besterik ez dit ekarri. Ez dut ezer garrantzitsurik galdu.
Datuen galeraren beldurra gainetik kenduta, gailu berria aukeratzearen nahasmena izan dut. Zein da niretzako aparailurik onena? Goi mailakoa? Behe mailakoa?
Aukeraketa zaila, edo ez hainbeste
Smartphone bat burura datorkigunean, Appleko gailuak dira burura datozkigun lehenak. Marketinaren lanagatik edo sagar efektuagatik seguruenik. Baina noski 1.200€ ordaindu beharrak zalantzak uxatu zizkidan. Ez nuen dirutza hori gastatu nahi.
50-100 euroko mugikor bat bestela? Kasu honetan bi aukera ikusi nituen; Gailu merke kaxkar bat erostea edo gailu oso zahar bat eskuratzea. Eta nire burua ez nuen ikusten eroso , ez batarekin ez bestearekin.
Orduan zer? Zein da bide zuzena? Eta okerreko gailua aukeratzen badut, dirua zaborretara botako dut? Hainbestetan entzun dudan galdera egin nion oraingoan nire buruari.
Azkenean 300€ko telefono bat aukeratu dut. Merkatura irten berria, kamera interesgarriekin, eta diseinu elegantearekin. Baina zergatik hau eta ez beste bat? Ba… Irratia duelako! Beno irratia eta ohiko aurikularrentzako zulotxoa. Bi puntu xume hauengatik aukeratu dut telefono hau. Aparailu garestiagoek hutsune horiek baitzituzten.
Telefonoa txarra atera zait
Ez dago smartphone on edo txarrik. Merkatuan salgai dagoenaren arabera, norberak erabakitzen du zenbat nahi edo gastatu ahal duen, eta horren arabera gure gailuari gauza bat edo beste bat eskatu beharko diogu. Zenbat aldiz entzun ote dut iPhonetan hau askoz azkarrago doa! Noski, goi mailako telefono bat Android merke batekin alderatzen duzunean beti egongo da diferentzia. Horrek ez du esan nahi Appleko telefonoak munduko onenak direnik!
Bakoitzak ikusi behar du zer nahi edo behar duen, eta era berean, zenbat diru gastatu nahi edo ahal duen. Horren arabera, egiten duzun aukera egiten duzula, erabaki ona hartuko duzu. Nire gomendioa hortxe. Merkatua aztertu (hartu denbora apur bat) eta baita zuen diru-zorroa ere. Ez zara damutuko.