Mila bider gertatu zait, eta ziur nago ez zaidala niri bakarrik pasa. Mugikorretik argazkiak ordenagailura pasa nahi… eta ezin. Bi gailuak konektatu eta ongi ulertu ez. Bata sagarra dela, bestea leihotxoa…. eta ez dutela batak beste ikusten. Kablea ere ez dugu beti eskura izaten. Laneko ordenagailura gure mugikorra konektatzeak erreparoa ere ematen digu batzuetan. Edo ordenagailu bateko, aplikazio zehatz bat erabili behar izatea fitxategi zehatz batzuk sinkronizatzeko. Hau buruko mina!!!!!

Guzti honek soluzio erraz bat du, eta AirDroid izena du. Bai Androiderako eta baita IOSerako deskargatu daitekeen APPa.

Zertan datza?

Ez nator ni publizitatea egitera, baina bai ordea gauzak erraztera. Nahikoa da aplikazio hau gure mugikorrean instalatzearekin, eta ordenagailuko nabigatzailean web.aidroid.com jartzearekin lehen aipatutako buruko min horiekin akabatzeko.

Web orrian jarritako pausuak jarraituz, ordenagailutik telefonoko fitxategiekin era erraz batean lan egiteko gai izango gara. Aplikazioak mugikorraren mahaigaina erakutsiko digu eta bertatik eroso mugitu ahal izango ditugu gure dokumentuak. PC arrunt batean arituko bagina bezala.

Erosoa eta erraza, eta denak sare berean egin ezkero doakoa. Ordainpeko zerbitzu bat ere badu 3G ego 4G bitartez trukaketak egiteko.

AirDroid

Beste aukerarik?

Lehen esan bezala ez nator produktu zehatz bat saltzera, lana erraztera baizik. Zer egin dezakegu bestela gure datuak leku batetik bestera mugitzeko? Eta ez! Emaila erabiltzea ez dut aurreikusten!

AirDrop, MobilGo, ShareIT eta PuntuEus fundazioak aurkeztutako Tori.eus erabili ditzakezue. Behar duzun hori lainora igo, eta gero beste leku zehatz batean erabili ahal izateko.

Gailu ezberdinen artean mugitzen garenontzat, eta fitxategiak leku batetik bestera mugitu nahi ditugunontzat behar beharrezko aplikazioak dira hauek. Eta lehen esan bezala, edozein ibuprofeno baino eraginkorragoak dira.