Quebec dugu entzungai azken aldian, hainbat politikariren ustez euskaldunok jarraitu beharreko eredua bertakoa omen delako Kataluniakoa izan beharrean.

Egia esan, guk .EUS domeinua sortzeko garaian eredu katalanari begiratu genion, haiek izan baitziren lehen aldiz 2006. urtean komunitate baten Interneteko domeinua garatu zutenak, .CAT domeinua hain zuzen ere. Haien ereduari jarraituz egin genuen bidea .EUSen, eta guk bezala baita beste komunitate digital askok ere: Galiziako .GAL, eskoziako .SCOT eta esanguratsua bada ere .QUEBEC domeinua ere Kataluniara begira sortu zen.

Quebec 2

Baina tira, goazen gure eredu izan behar lukeen Quebeci buruz hitz egitera. Duela gutxi izan nuen aukera .QUEBEC domeinuaren zuzendariarekin hitz egiteko, eta hark esan zidanez .EUS dute eredu hainbat alorretan. Besteak beste, alderdi politiko eta erakunde ofizialek Interneten domeinuarekiko zuten jarrerarekin zegoen kezkatuta, eta horren inguruan guk bizi dugun egoeraz galdetu zidan: zein da Euskal Herrian alderdi politiko eta erakunde publikoek .EUSekiko duten jarrera?

Azaldu nion EAEn gutxienez hauteskunde garaian alderdi politiko guztiek, abertzale direnak eta ez direnak, guztiek erabiltzen dutela .EUS. Baina, hauteskunde garaitik kanpo, egunerokoan, alderdi abertzaleek bakarrik erabiltzen dute .EUS domeinu nagusi moduan. Azaldu nion erakunde publiko gehienek erabiltzen dutela .EUS gaur egun, Eusko Jaurlaritza, foru aldundi eta udal nagusiek .EUSera aldatu zutela hasieratik beraien webguneetako domeinua, eta haien presentzia digitala .EUSen bidez egiten dutela. Eta EAEz harago, Nafarroan zein Iparraldean ere, .EUSek baduela presentzia erakunde publikoetan, Euskal Herri osoko erakundeetara zabalkundea bermatuz.

Emandako erantzunak .QUEBECeko zuzendaria harritu zuen, eta beraiek aztertu eta eredu moduan erakusteko informazioa idatziz pasatzeko eskatu zidan. Zergatik? Ba nonbait, gure eredu izan beharko lukeen Quebecen alderdi politiko eta erakunde ofizialek ez dutelako .QUEBEC domeinua erabiltzen Interneten. Kanadaren Interneteko domeinu ofiziala .CA da, eta horren menpeko .QC.CA azpidomeinua sortu zuten bere garaian Quebec adierazteko. Luzapen hori da oraindik ere Quebeceko Gobernu zein erakundeek Interneten nagusiki erabiltzen dutena.

Adibidez, Quebeceko gobernuak eta Montrealgo Udalak, .QC.CA azpidomeinua erabiltzen dute bere webguneetan, eta Quebec eskualdeko turismo sustapenerako agentziak .COM generikoa erabiltzen du. Inork ez dio garrantzirik eman bertako identitate digitala azpimarratzeari .QUEBEC domeinu berria erabiliz.

Quebecen independentziaren aldeko jarrera aktiboa duten alderdi politikoak daude, erakunde propioak ere badituzte, baina sarean inork ez dio garrantzirik ematen nortasun digitala azpimarratzeari.

Quebec 3

Ondorioz, Interneten Quebec ez da gure eredua. Alderantziz, gu gara eredu .QUEBECentzat nortasun digitalari dagokionez. Interneten behintzat, Kataluniara begira jarraitu beharko dugu erreferente bila, hamar urte hauetan egin duten bidetik badugulako oraindik zer ikasia.

AUDIOA | INFO7 IRRATIA