Interneteko edukien eskalaren tamainak gainditzen gaitu. Milaka milioi erabiltzaile ditu sareak, eta argitaratu eta partekatzen den eduki eta informazioaren bolumena neurtzeko modu ulergarri baten faltan, minutuaren neurketa egiten da urtero.
Alegia, Interneteko 60 segundotan zer gertatzen den neurtu eta modu grafikoan irudikatzen dute urtero alorreko bi adituk, eta datuak txundigarriak dira.
2017. urtean, Interneteko minutu batean esaterako 3,5 milioi bilaketa egiten dira Googlen. 60 segundo eskas horien barruan, 70.000 ordu ikusten dira Netflixen mundu osoan, edo 4 milioi bideo Youtuben. Aurten, Interneteko minutu bakoitzean 40.000 musika ordu entzuten dira Spotify erabiliz, eta Facebooken 900.000 pertsona sartzen dira. Minutu bakarrean sarea zeharkatzen duen informazio andana txundigarria da: 156 milioi mezu elektroniko bidaltzen dira minutu bakarrean, 16 milioi testu-mezu, Twitterren 452.000 txio zabaltzen dira, eta 15.000 GIF barreiatzen ditugu sarean minutu horretan.
Zenbaki handiegiak dira bat batean entzun eta hauetaz jabetzeko. Pentsa minutu hori urte osora zabalduko bagenu, nolako zenbakiak aterako liratekeen. Izugarria. Badago zer aztertua datu hauetan: gure bizimodu, kontsumo eta komunikazio ohiturak nola aldatu diren adierazten digute. Baina horretan sartu gabe, gurera beste hausnarketa bat ekarri nahi nuke: Interneteko minutu horretan gertatzen den hori guztitik zenbat da euskaraz?
Zoritxarrez nahi baino gutxiago. Lehen jarritako adibideei helduz: Googlen orohar 3,5 milioi bilaketa egiten badira, horietatik euskaraz oso gutxi izango dira, Google bilatzaileak ez baitu euskara bilaketa-hizkuntzen artean bereizten. Netflixen ikusten diren 70.000 orduen artean, bat bera ez da euskaraz, streaming plataforma honek euskarazko edukirik ez baitu bere katalogo zabalean, baina Youtuben ikusitako 4 milioi bideo horien arteko batzuk behintzat izango dira euskaraz, euskaldunok Youtube erabiltzen baitugu nagusiki sarean bideoak partekatzeko garaian.
Interneteko minutu horretan entzuten diren 40.000 musika orduetatik batzuk euskaraz izango direla ziur naiz, Spotifyk euskal musikaren katalogo zabala izateaz gain Badok.eus bezalako plataforma propioak ere baditugulako euskaldunok. Zer esanik ez komunikazioaz: Facebook eta Twitterren euskara bizi-bizi dago, baita posta elektroniko eta testu-mezuetan ere. Baina sarean partekatzen diren 15.000 GIF horietatik oso gutxi izango dira euskaraz, Euskalgif mugimendua oraindik motel baitabil. Baina inork interesik balu jakin Tumblr plataforman badagoela Euskalgifen kanal bat Joxe Rojas Teknopatak sortua, eta gauza ederrak aurki daitezkeela bertan.
Interneteko minutu horretan euskararen presentziak ez du segundorik betetzen, gurea ehuneko batzuk baino ez direla esango nuke. Baina zorionez, euskarak baditu bere plataforma propioak Interneten, eta euskaldunok euskal edukiz hornitzen ditugu minutu eta orduak Interneten. Eduki horiek kontsumitu eta zabaltzea da erronka, denborarik galdu gabe.