Orain badirudi big data delakoak konpondu behar digula mundua. Gailu, webgune eta aplikazioen erabiltzaileen datuak era masiboan bildu eta multzo masibotan aztertzeak ekarri behar omen digu hurrengo iraultza, bateko eta besteko guruei kasu eginez gero: gure ekonomia eraginkorragoa egingo du, eta ahalmena egingo duguna uneoro jakiteko zer behar den, eta non.
Baina albisteak irakurrita, zaila egiten da big dataren mantraren atzean egon litezkeen bestelako interes ezkutuei ez erreparatzea. Zeren, tira, gauza bat da ‘Lehen hitza euskaraz’ sakelako aplikazioak, adibidez, aitortzen dituen helburuekin lotutako informazioa jasotzea: erabiltzailearen telefonoaren marka, euskaraz konfiguratu daitekeen ala ez, euskaraz konfiguratu den ala ez… Horrela zenbaketa zehatz bat izan dezakegu, zenbat mugikorrek eskaintzen duten interfazea euskaraz jartzeko aukera, eta zenbat jartzen diren benetan… Ados, ez da aplikazioaren helburu zehatza, baina zerikusi zuzena dauka, gutxienez.
Baina oso bestelako kontua da, adibidez, Espainiako futbol ligaren aplikazioarekin gertatu dena. Ustez partiduen egutegiak eta emaitzak kontsultatu eta partekatzeko aplikazio bat dena, benetan espioitza tresna bat da: inguruko zaratak entzun eta, futbol partidu baten erretransmisioa baldin bada, seinale bat bidaltzen dio Liga enpresari, berak egiazta dezan GPS lokalizazio horretan partiduen emanaldi publikoak egiteko lizentzia ordaindu den ala ez. Troiako zaldia, bete-betean: 10 milioi deskargatik gora duen aplikazio ustez sinplea ingurukoak zelatatzeko sare erraldoi bilakatu da, enpresa pribatu baten mesedetan.
Egia esan, beldur apur bat ere ematen du kontuak. Ligako aplikazioan egin badute, beste edozeinetan ere egon litezke antzeko tranpak. Nola dakigu euskarazko aditzak osatzeko aplikazio hark ez digula isilpean entzuten, ergatiboa ondo erabiltzen ote dugun jakiteko? Nork ziurtatuko digu erabiltzen dugun GPS aplikazioak ez dituela gure auto barruko elkarrizketak entzuten, zer dakit nik, erosketak egitera goazenean prezio onenak non dauden erabakitzeko?
Beharbada -baina beharbada soilik- kontu hauetarako zorte ona izango da euskarazko produktuen kontsumoa txikia izatea. Kontsumo txiki horrekin, nekez lortu ahal izango da benetan ‘big’ datarik. Eta horrek seguruenik uxatu egingo du datu bilketa masibo eta arraroak egiteko tentazioa… euskarazko aplikazioak sortzeko tentazioa uxatzen duen neurri berean, behintzat!