Informatikari Euskaldunen Bilkura (IEB) izan genuen pasa den maiatzaren 17an. Informatikaren hezkuntzak baino indar gehiago izan zuen teknologiak hezkuntzan eta hala izango du nire ekarpen honek ere.

Informatikari euskaldun gisa, edozein informatikariren kezkei, euskaraz aritu ahal izatearen kezka gehitzen diogu, eta horregatik bereziki kezkatzen gaitu zeintzuk diren hezkuntzan erabiltzen diren tresna digitalak.

Beste leku batzuetan panoramak beste itxura bat izango du, baina gurean, PCak nagusi izan diren bitartean, nagusiki Microsoft genuen eskoletan eta orain, gailu eramangarrien garaian, Google sartu da indartsu bere Chromebook-ekin. Sistema eragile jabedun hauek ez dituzte gauzak gehiegi errazten lehen aipatutako kezka horri dagokionez.

Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu zuen aspaldi Microsoft-ekin bere tresna erabilienak, Windows sistema eragilea eta Office ofimatika paketea euskaraz egon daitezen. Gaur egun Windows 10 ezin bada ere zuzenean euskaraz instalatu, konfigurazioa ez da batere zaila. Baina zenbateraino inplikatzen da gero Eusko Jaurlaritza tresna horiek euskaraz erabil daitezen? Bestalde, Chromebook ezin da euskaraz erabili eta bestelako erabilera erraztasun batzuk baditu ere, ez da edozein software instalatzeko aukera ematen duen sistema eragilea, beraz, ez da batere erraza izango bertan eta bertakoentzat sortutako softwarea erabiltzen, sarean, web-orri baten bidez ez bada behintzat.

Eta azken horrek eramaten gaitu IEBn jorratu zen beste gaietako batetara, azpiegiturena. Chromebook horiek zuzenean sarean lanean aritzeko pentsatuak daude eta horregatik beren biltegiratze ahalmena txikia. Horrela, Google-en biltegiratze sistemak erabiltzera derrigortzen zaituzte. Baina, gaur egun gure eskoletako askotan dagoen azpiegiturak eskasak dira eta dute ehundaka ikasle aldi berean konektaturik egoteko ahalmenik. Are gehiago, ziurtatu beharko genuke gure gaztetxoak sarean daudenean segurtasunez arituko direla eta haien informazioa babestu egiten dela.

Eta informazioaz eta ezagutzaz mintzo garela, garrantzitsua da aipatzea hezkuntzan konputagailuak horrenbestean erabiltzen ari direnean, testu-liburugintzaren enpresarekin ere egiten dugula topo. Konputagailuen erabilerak hezkuntza sisteman eraldaketa bat bultzatu du, eta Chromebook horiek liburuak ordezkatzera datoz, baina gerora ikusten dugu liburu elektronikoak paperezkoen kalko bat direla, eta horrek ba al dauka zentzurik?

Wikipediak, ezagutza biltegi handienak, asko lagun dezake horretan eta guk guztiok hezkuntza sistemako maila desberdinetatik biltegi hori osatzen joan gaitezke, baita txikienentzako materiala ere osatuz.

Nire eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiet Galder Gonzalezi Euskal Wikilarien Elkartearen izenean eta Sagra Crespori, Donostiako Berritzegunearen eta Hezkuntzan ere Librezale taldearen izenean erakusteagatik, burujabetzaren bide hori jorratzea irekita dagoela eta zeregin horretan ez gaudela geldi, urratsetako batzuetan hanka sartzeko arriskua badago ere. Eta han egin genuen bezala Hezkuntzako mahaiko hiru Altsasuarrok, hemen ere esan nahi dut: #TeknologianAske eta #AltsasukoakAske ere!