Kataluniaren etorkizuna erabakitzeko bi aste baino gutxiago falta den honetan, zarata alde batera utzi eta baietzaren balizko garaipen baten aurrean kokatu nahi dut artikulu hau. Estatu berri bat sortzeak lan ezberdin ugari dakartza eta beste esparru batzuek lehentasun handiagoa duten arren, domeinuaren afera ere hor dago.
ICANN-ek, Interneteko domeinuak arautu eta esleitzen dituen erakundeak, munduko herrialdeentzako erreserbatuta dauzka bi letretako domeinuak. Domeinu horien helburua herrialde bakoitzari Interneten espazio propio bat ematea da (subiranotasun digitala, nolabait), bertako Internet komunitateak domeinu hori erabili dezan bere webgune, e-posta etab.-etarako. Gure inguruan ikusten ditugun mota horretako domeinu gehienak .es edota .fr dira ziurrenik, baina asko dira. Horietako batzuk, gainera, herrialdearen mugak gainditu eta mundu osoan zehar erabiltzen dira beste helburu batzuetarako, esate baterako, .co (Colombia, .com-en ordezko gisa) edota .tv (Tuvalu, television adierazteko).
Hala ere, salbuespenak daude, herrialde guztiek ez dutelako bi-letrako domeinu bat, Kosovo-rekin gertatzen den bezala. Izan ere, ICANN-ek ISO 3166-1 estandarra hartzen du oinarri domeinuaren esleipena egiteko eta, erakundearen neutraltasuna ziurtatze aldera, hor agertu ezean ez da esleipena egiten. Kosovo ez dago estandar horren barruan Nazio Batuen Erakundeko kidea ez delako, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan Errusia eta Txinaren betoa daukalako. Horregatik, domeinurik ez zaio esleitu oraingoz. Beraz, Kataluniak bi letretako domeinu propio bat lortuko badu, nazioartean adostasun bat egon behar da bere herrialdetzaren inguruan.
Bueno, irudikatuko dugu horrela dela eta Kataluniar Estatuaren inguruko adostasun bat dagoela. Orduan, Kataluniari .ct domeinua egokituko litzaioke. Hala ere, orain arte Katalunian .cat domeinua izan da bertako domeinua. Domeinu hori ofizialki kataluniar hizkuntz eta kulturaren komunitatea osatzen duten webguneentzako da, gero erabiltzaile bakoitzak bere esanahia (nazioa, hizkuntza…) ematen dion arren.
Domeinu berria?
Domeinu berria martxan jarritakoan zer gertatuko da .cat eta .ct domeinuekin? .cat domeinua oso zabaldua dago katalanen artean, baita nazioartean ere, eta zaila izango da estatus hori .ct domeinuak hartzea. Era berean, Katalunian erregistratuta dauden 94000 .cat domeinuak (.cat domeinu guztien %83a) .ct domeinura berehalakoan pasatzea ez da bideragarria, webguneen kudeatzaileei eskatzen dion lanarengatik. Hemen aukera batzuk:
- .cat domeinu-izen bat dutenei .ct domeinu-izen baliokidea esleitzea eta berbideraketa automatikoa egitea .ct domeinutik .cat-era. Bitartean, laguntza eman webgune horiek .ct domeinura pasatzeko.
- .ct domeinua Kataluniar Estatuaren instituzioek erabiltzea. Horrela, .cat litzateke Kataluniako biztanleek beraien webguneetan erabiliko duten domeinua, domeinu hori Katalan Herrietako biztanleekin elkarbanatuz.
- Bi domeinuak batera egotea eta erabiltzaileek erabakitzea domeinu bakoitzaren rola.
- Domeinu bakoitzaren berezko esanahia errespetatu eta .ct Kataluniako komunitatearentzat izan dadila eta .cat katalan hizkuntza eta kulturaren nazioarteko txoko digitala.
Bai, badakit (oraingoz) artikulu hau asko imajinatzea dela, baina gu ere hasi beharko gara honetan pentsatzen, noizbait herrialde propio bat izateko asmoa badugu bederen. Sarean.eus irratsaioan aipatu bezala Euskal Herriarentzako naturalen litzatekeen .eh domeinua Mendebaldeko Saharari esleitu zitzaion, eta .eu Europar Batasunarentzako da. Zein izango litzateke Euskal Herri independentearen domeinua?