PuntuEUS Fundazioan hasieratik saiatu gara erabiltzaileei ahalik eta laguntza gehien eskaintzen, eta horretarako erraztasunak ematen saiatu gara, kanal ezberdinak irekiaz: ohikoak diren telefono eta e-mail arreta, baita webguneko txata edota Whatsapp bidezko arreta ere.

Domeinua martxan jarri berritan asko nabaritu genuen erabiltzaileen interesa, une oro galderak jasotzen genituen eta. Oraindik ere jarraitzen dugu zalantzak jasotzen eta, egia esan, jendearen jarrera positiboa ikusita (salbuespen batzuk kenduta) gozamena da horiei erantzutea. Hala ere, batzuetan galdera nahiko xelebreak jasotzen ditugu eta beste aldean dagoena nor den ziur ez jakiteak (txatean, batez ere) askotan broma baten aurrean ote gauden pentsarazten dit. Hona hemen adibide batzuk:

Bizkaian balio katastralak eguneratzeko garaia iritsi zenekoa

Iazko udazkenean Bizkaiko Foru Aldundiak ondasun higiezinen balio katastrala errebisatzeko kanpaina jarri zuen martxan eta horren berri emateko hiritarrei gutuna bidali zien. Horren ondorengo asteetan dozena bat pertsona jarri ziren gurekin harremanetan, balio katastrala nola begira zezaketen galdetzeko.

Galdera errepikatzen zela ikusita, gure helbidea nondik atera zuten galdetzen hasi ginen. Erantzuna jasotzean etorri zen gure harridura, gure helbidea Bizkaiako Foru Aldundiak bidalitako gutunean agertzen zela esan zigutelako. PuntuEUS-eko lantaldean Bizkaitarrik ez, baina azkenean lortu genuen gure eskuetan gutun horietako bat izatea.

Gutuna goitik behera irakurri eta gure webgunearen arrastorik ez, ezta Foru Aldundiaren webgunean ere. Google-en bilaketak egin genituen gure webgunea katastroarekin lotutako bilaketaren batean agertzen bazen ere, baita berbideraketa posibleak aurkitzen saiatu ere. Tamalez, kanpaina guk arazoa topatu baina arinago amaitu zen.

Posizionamendu on bat edukitzea hain ona ez denean

Web garapenean eta salmenta digitalean jarduten den edonork esango dizkizu Interneteko bilatzaileetan posizionamendu on bat edukitzeak dituen abantailak: bisita gehiago, salmenta areagotuak, konpetentziarekiko abantaila, etab. Kasu honetan, beti bezala, salbuespenak daude.

Webgune berria martxan jarri berritan jendea gurekin harremanetan jartzen hasi zen (telefono eta txatetik, batez ere) beste erakunde batengatik galdezka, gehienetan .EUS domeinuaren aitzindarietako batekin gertatzen zelarik. Izan ere, gure webgunean aitzindariek orrialde bat daukate, eta hortik zetorren nahasmenaren zergatia. Erabiltzaileek honelako bilaketak egiten zituzten: Erakundearen-izena telefonoa (adibidez, Elhuyar telefonoa).

Bilaketa emaitzetako lehen posizioetan aitzindari horren webgunearekin batera gure orrialde hori agertzen zen. Bi kasuetan izenburuan aitzindariaren izena agertzen zen, horietako baten helbidea gure webguneari zegokion arren. Google-en bilatutako emaitzetan, baina, gure webgunearen emaitzan gure orrialdeko footer edo behekaldeko sekzioan dagoen telefono zenbakia agertzen zen. Ondorioz, gure telefonora deitzen zuten, beste erakundearena zela pentsatuz. Horren harira, “Páginas amarillas”-en funtzioa bete izan dugu behin baino gehiagotan erabiltzaileari nora jo argitzeko. Itzultzaile lana ere egin izan dugu, erabiltzaileak Elhuyarrera deitzen ari ez zirela jakin arren galdera errepikatzen zigutelako, gu argitzeko gai izango ginelakoan.

Filologoak ez garenez, eta erabiltzaileei gauzak errazteko, webgunea errebisatu genuen eta aitzindariei egiten zitzaizkien erreferentziak moldatu genituen, aipaturiko bilaketetan gure webguneko emaitzarik ez agertzeko. Geroztik, gurekin nahastuta harremanetan jarri den jende kopurua gutxiagotu egin da, oraindik ere noizean behin kasuren bat daukagun arren.

Momentuz horiek dira izan ditugun kasurik bitxienak, baina ziur naiz besteren bat edukiko dugula berandu baino lehen. Hori gertatzean artikulu honen bigarren bolumena idatziko dut, 😉