Hementxe nabil, txiribitari hostoak banan banan kentzen. Hark ni maite nauen baino, nik bera maite ote dudan erabaki nahian: maite dut, ez dut maite; maite dut, ez dut maite… Eta horixe, erabaki ezinean harrapatu nauzue.

Telelanaz nabil, e? Etxetik lan egiteaz. IKTen eztandak ekarri dizkigun beste iraultza isil horietako batez. Batzuen ustez, gaitz guztien bukaera da: langileok etxetik jardun badezakegu, askoz gehiago aprobetxatzen dugu gure denbora, zoriontsuago bizi gara, eta enpresek asko aurrezten dute joan-etorri gastuetan. Bai, lagunok: dirudienez, munduko txoko exotiko eta urrun batzuetan, etxetik lantokirako joan-etorriak enpresak ordaintzen ditu!

Telelana hitzetik ez oso urruti, sarritan topatuko dugu beste bat, erabilerak erabat higatu eta eraldatu duena, urak Bardeetako paisaia bezalaxe: kontziliazioa. Poz-pozik joan nintzen aurrekoan etxera, bulegoko ordenagailu finkoaren ordez eramangarri berria eman zidatenean. Egun pare bat itxaron behar izan nuen, hori bai, gailua bulegoan jaso genuenetik erabiltzen hasi arte, teknikariek bulegoko zerbitzariarekiko konexioa instalatu eta konfiguratzen zioten bitartean.

Ze ondo, Joxe! Orain etxetik ere egin dezakezu lana, honaino etorri beharrik gabe! –esan nion poz-pozik, neure buruari. Kuak! Errorea. Murphyren legeetako batek dio doigarriak den orok, lehenago ala beranduago, doikuntza behar duela. Ba kasu honetan antzera: etxetik ere lan egiteko “aukera” magikoki bihurtu da derrigorra. Inon arautu gabekoa, noski: laneko posta telefonotik desordutan kontsultatzea bezalaxe, baina hortxe dago. Astelehenerako bukatu beharreko txosten horri bueltatxo bat ematea asteburuan, lankideak aurkeztu beharreko proiektuari ekarpentxoak egitea… pijama eta zapatillatan, bai, eta begiak malkarrez beteta, baina hortxe. Lan egiteko toki eta ordutegitik kanpo. Oso kontziliatuta guztia.

Baina kontuz, nik ere ikusten dizkiot abantaila handiak e? Lantokirako joan-etorrien denbora aurreztea, lan batzuek eskatzen duten kontzentraziorako isolatu ahal izatea, kontu pertsonalak egiteko denbora gehiago lortzea… horiek denak estimu handian ditut noski. Baina ez nago oso ziur, balantzan jarrita, skijama kendu gabe txostengintzan aritzea hain-hain abantaila handia ote den.

Zorionez, badirudi ez naizela duda berbera duen bakarra. Azken asteotan alde batera zein bestera lerratzen diren enpresen kasuak izan dira hor zehar. Sonatuetako bi aipatzearren: Automattic-ek, WordPress blog plataformaren sortzaileak, 2013an erosi eta dotore-dotore txukundutako bulegoak salgai jarri ditu egunotan, langileei telelanaren aukera eman ondoren, bulegoak hutsik geratu zaizkielako. Beste muturrean, IBM ezagunak, telelanaren alorrean aitzindaria izandakoak, buelta eman dio bere filosofiari duela hilabete pare bat, langile guztiak bulegora deitu ditu berriz, orpoz orpo lan eginda askoz ere emankorragoak direlakoan. Google, Yahoo edo Apple bera ere iritzi berekoak dira, ikusi besterik ez dago azken horrek, adibidez, zientzia-fikziozko egoitza berrian egindako inbertsioa, besteak beste langileak bertan gustura egon daitezen…

Eta zuek? Baduzue aukerarik etxetik lan egiteko? Baliatzen duzue? Aukera ona iruditzen zaizue? Lagundu, lagundu, nire txiribitarekin!

IRUDIA | Pixabay

Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on LinkedIn
Aurreko bidalketa

Agur Roaming

Hurrengo bidalketa

Euskarak enbaxadore digitala behar du

Egilea

Joxe Rojas

Joxe Rojas

@joxe
Kazetaria izan nahi nuen eta bulegari lanetan bukatu dut. Egunez, komunikazio eta IKT arduraduna naiz TOKIKOM, Toki Komunikabideen Bateragunean. Gauez, txio-txioka aurkituko nauzue Twitterren, edo bestela teknopata.eus blogean.

Bai: neu ere neure frikiak bizi nau.

1 Comment

  1. ekaina 21, 2017 at 3:23 pm — Erantzun

    Nire kasuan ikasleak etxera etorri beharko lirateke, eta hori ez da plana 🙂
    Pentsatzen dut astean egun baten, edo tarte baten telelana ondo dagoela, baina ez egunero. Garrantzitsua iruditzen zait lankideekin egotea eta elkarlana egitea.
    Egunero balitz, pijaman eta ditxatu barik egongo nintzateke egun santu osoan! Hikikomori bihurtzeko arriskua ere ikusten diot!
    Dena den, irakasleok askotan eroaten dugu lana etxera, beraz gehiago ez!

Utzi erantzun bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude