Jopetas. Zer garai zailak, eh? IKTek eta digitalizazioak dena erraztuko zigutela, dena-den dena 0 eta 1etara laburbilduta. Zuri ala beltz. On ala Off.
Baina bai zera. Deeena erlatibizatu zaigu. Pentsa: egia eta gezurra ere, dagoeneko ez dira kategoria absolutuak. Orain post-egia ere omen dabilkigu hor zehar. Eta, inor gutxi akordatzen da harekin baina, diot nik, harekin batera post-gezurra ere izango dela nonbait!
Baina tira, hor daude agintariak, batzuk bai behintzat, eskema klasikoak zaintzeaz arduratuta. Zeren eta, diotenez, post-egiak -eta, diot nik, post-gezurrak ere- kapazak omen baitira hauteskundeen emaitzak ere eraldatzeko. Eta marra gorriak jarri behar dira nonbait!
Horregatik, besteak beste, Alemaniako gobernuak Facebook eta Twitter bezalako plataformak zigortu nahi ditu gorroto-diskurtsoa elikatu, legez kanpoko edukia sustatu, edo ‘arrazoi politikoengatik faltsututako edukiak’ erretiratzen ez badituzte. Kontua ez da txantxetakoa, Alemaniako Justizia Ministerioaren proposamena baita isun horiek 50 milioi eurorainokoak izatea.
Merkelen gobernua kexu da, hala Facebookek nola Twitterrek, biek dituztela ondo zehaztutako bideak legeak betearazi eta legez kanpokoak diren edukiak erretiratzeko, baina oso gutxian erabiltzen dituztela. Berlingo gobernuaren arabera, edukiak erretiratzeko eskarien %39 baino ez du betetzen Facebookek. Twitterrek, berriz, %1.
Baina bada Europa osoan bi sare sozial ‘klasiko’ horiek baino arrakasta handiagoa duen hirugarren bat: Whatsapp. Bi arazo handi ditu gainera: lehenengoa bere zabalkundea, Facebook eta Twitter baino askoz ere hedatuagoa baitago. Eta bigarrena, datuen enkriptazioa. Facebook eta Twitterren, edukia publikoa da neurri batean ala beste batean; baina Whatsappen enkriptatu egiten da, eta beraz, hedatzen den edukia legezkoa den ala ez jakiteko, erabiltzaileon eskubide oinarrizkoak urratu beharko lirateke.
Eta bufa, panorama beldurgarria da benetan e? Zeren eta, noski, hasierako asmoa oso ona eta noblea izan daiteke: egia eta legezkotasuna eta abarrak zaintzea eta abar. Baina behin edukiak zentsuratzen edo erretiratzera behartzen hasita, non jarri muga? Zilegi al da komunikazio kanalak eta/edo azpiegiturak kontrolatzea eta agintariek erabakitzea zer esan daitekeen eta zer ez? Zer nahiago dugu, kanal erabat askeak, non berdin zabal daitezkeen egiak, gezurrak eta tarteko guztiak, ala lege eta/edo gizalegeari men egiteko zorrotz kontrolatutakoak?