Mugimendu handia dago azken bolada honetan adimen artifizialaren inguruan, egunero erabiltzen ditugun gailuen osagai gero eta garrantzitsuagoa da. Ikusi besterik ez dago Googlek berak zenbateko pisua eman dion egunotan burutu berri dituen garatzaileentzako jardunaldietan.
Kontua zirraragarri bezain beldurgarria da. Batetik, adimen artifiziala oso erabilgarria izan daiteke egunerokoan: zaintza medikuan, adibidez, pentsa zer erabilgarria izan daitekeen gaixo larriak etxean bertan zaintzeko, diagnostikoen abiadura eta xehetasuna areagotzeko, zailtasun funtzionalak dituztenei laguntzeko…
Baina aldi berean, ezin da ukatu pentsamendu beregaina duten makinen ideiak beldur apur bat ere ematen duela. Argudio apokaliptikoak oso bogan jarri zaizkigu. Zientzia eta teknologiaren munduko guru handiek ere potoloak bota dituzte: hobe dugula lehenbailehen asmatzea badaezpadako modu bat adimen artifiziala itzaltzeko; esanguratsuak izaten jarraitzeko modu bakarra gure burmuina makinekin zuzenean konektatzeko modua topatzea dela; adimen artifizialak langabezia krisi erraldoia ekarriko digula oso laster…
Mehatxu apokaliptikoak alde batera utzita, badira maila apalagoko beste batzuk ere, nire ustez behintzat gogoan hartu behar direnak. Badakizue: hizkuntza eta kultura eta halakoak. Adimen artifizialaren atzean dagoen ideia da makinen lana eraginkorragoa izatea, efizienteagoa. Ekonomikoki errentagarriagoa. Makinek inguruan gauden gizakiok zer nahi edo behar dugun ulertu eta guk eskatu aurretik ere, behar eta nahi horiei erantzutea.
Horretarako, hizkuntzak berebiziko garrantzia du, noski. Ez da kasualitatea software egile handiak hizkuntza naturalaren ulermenenera bideratzea azken urteotako ahaleginak. Google Assistant, Microsoft Cortana, Apple Siri, Amazon Echo… kasu guztietan oso antzeko planteamendua garatzen ari dira: gure ahotsa ulertzeko gai den gailu bat, telefonoa edo horretarako propio sortutakoa, etxeko besteekin konektatzen dena, gure aginduak betetzeko.
Baina hizkuntza naturalaren prozesamendua kontu konplexua da, eta garestia. Horrenbeste ezen, Googleren kasuan adibidez, iragarrita ere ez dago noiz erabili ahal izango den ingelesa ez den beste hizkuntzaren batean. Gazteleraz noiz egongo den ere kolokan badago, pentsa euskararekin zer gerta daitekeen.
Baina kontua ez da hizkuntzara soilik mugatzen. Googlerekin jarraituz, ezaguna izango duzue honezkero Autodraw izeneko webgunea. Adimen artifiziala erabiliz, webguneak erabiltzaileek bertan egiten dituzten marrazkiak identifikatu eta haien bertsio hobetuak eskaintzen ditu. Auto bat erdipurdika marraztuz gero, webguneak marrazkia ‘zuzendu’ eta marrazki dotoreagoa eskaintzen du.
Kasu honetan ez dago hizkuntzarik tarteko… ala bai. Marrazkiak egiten dituen softwarea entrenatzeko, Googlek nagusiki mundu anglosaxoian kokatutako erabiltzaileen inputak erabili ditu, eta horrek, noski, bere isla du emaitzetan. Makinak erraz asko identifikatuko du Halloweeneko kalabaza baten, Bizarzuriren edo hanburgesa baten marrazkia. Baina zer gertatuko da gutako norbait sartu eta Olentzero, belar meta bat edo talo bat marrazten saiatuz gero?
Eta, batez ere… Noraino nagusituko da eraginkortasun ekonomikoaren irizpidea adimen artifizial hauen garapen eta entrenamenduan? Zer etorkizun daukagu kontestu horretan kultura, merkatu edo dena delako defizitariook? Makina pentsalarien esparrutik kanpo geratzea mehatxua ala aukera da kultura eta hizkuntza aniztasunaren ikuspegitik?