Berriki jakin dugun moduan, Europako Parlamentuak erregai bidez dabiltzan ibilgailuen erregulazioaren 7. araudia, “Euro 7” bezala ezagutzen dena, 2 urtez atzeratzea erabaki berri du. Hau da, 2025ean beharrean 2027an jarriko litzateke indarrean.
Neurri hauek 1993an hasi ziren ezartzen Euro 1 araudiarekin eta helburua erregai bidez mugitzen diren ibilgailuen emisioak kontrolatzea eta mugatzea da, beti ere gure ingurumeneko aire kalitatea hobetu eta kutsadura maila jaisteko. Araudiak ibilgailu ekoizle zein bere hornidura kate guztiari eragiten dienez, eta hauek prestatzeko behar beste denbora izan ez dutenez, diotenaren arabera, Europako Parlamentua araudia indarrean jartzeko data atzeratzera bultzatu dute.
Ez dut nahi erabakia zuzena ala okerra den eztabaidatzen hasi, izan ere, gaia zein ikuspuntutatik begiratzen dugunaren arabera, era batera edo bestera pentsatzeko argudioak aurkituko baititugu. Edozei kasutan, autogintza industriaren zain egon gabe, ez genuke ahaztu behar auto erabiltzaile moduan neurriak hartzeko aukera eskura dugula.
Aukerarik nabarmenena autoa baztertu eta garraio publikoa erabiltzea izango litzateke, jakina. Administrazio publikoak neurri bereziak hartu zituen erregaien prezioak gora egin zuenean berauek merketuz eta egun hainbat indarrean dira oraindik ere, beraz, merkeago suertatuko zaizkigu gure desplazamenduak. Gainera berriki Eusko Jaurlaritzak MoveEuskadi aplikazioa jarri du martxan. Bertan nondik nora joan nahi dugun esanda, eskura dauden garraiobide desberdinekin ibilbidea nola gauza dezakezun esango dizu.
Asko gara, ordea, egunerokotasunean lanera joateko garraio publikoa gure beharrak betetzeko gai ez dena eta ezinbestean autoa hartu beharrean izaten garenak. Kasu horretan, autoa elkarbanatzeko aukera aztertu beharko genuke, ordutegi eta ibilbide bera egiten dugunon artean gauzatzeko praktika egokia. Horretarako aplikazio desberdinak aurki ditzakegu sarean. Neuk, ordea, akaso ezagunegi ez den baina bere funtzioa bikain betetzen duen bat ezagutarazi nahiko nizueke: MyCarpoolApp.
Aplikazio honek euskaraz jartzeko aukera eskaintzen du eta oso egokia da autoa txandaka elkarbanatzen duten taldeentzat edo, norbaitek autorik ez duen kasuan, gastuak kalkulatzen laguntzeko. Zenbait aplikazio probatzeko aukera izan dut eta guztien artean hau da hobekien egokitu zaiguna, gure kasuan behintzat.
Autoa elkarbanatzea eskura izan dezakegun aukera bat da eta orain arte horretara jarri ez bagara, akaso garaia iritsi da. Izan ere, autoa elkarbanatzen badugu ingurumenean inpaktu txikiagoa eragingo dugu, trafikoa murriztu eta auto-pilaketak zein istripu aukerak murrizten dira, baliabideak era eraginkorragoan erabiltzeko aukera eskaintzen digu eta, askotan gehien ardura duena, kostuak murrizten lagunduko digu. Eta hori gauzatzeko aplikazio egokia badugu, ezin hobeto!