Arrazoi duzu, Apple ez da lehena begien aurreko gailuak egiten. Ordea, ez zen izan mugikorrak egiten lehena ere, baina nolabaiteko iraultza ekarri zuen mugikorrak erabiltzeko modu berri bat jarri baitzuen merkatuan, teklatua guztiz gailutik ezabatuta. Horretan, Apple Vision Pro gailu honek antzekotasunik badu.
Errealitate areagotuaren inguruan ezagutza oso gutxi dudala aitortu behar dizuet. Oker ez banaiz, behin bakarrik erabili izan ditut eta ez dakit zehazki zeintzuk izan ziren jantzi nituenak. Hori bai, ordenagailu bati konektatuta erabili beharreko batzuk ziren.
Edonola ere, merkatuan badira Microsoften HoloLens gailuak edota, akaso teknologia honen inguruan apusturik handiena egin duen Metaren Meta Quest gailuak. Hauen berri akaso izango zenuten, baina seguru naiz ez diezuela gehiegi erreparatu. Hortan du Applek gaitasuna, bere ibilbidea ikusita (iPod-a, iPhone-a, iPad-a, Apple Watch-a,…), ezin da bestaldera begiratu produktu berriren bat kaleratzen duenean.
Dagoeneko zerbait irakurriko zenuten gailu berri honen inguruan, ezinbestean. Nik hiru ikuspegi ekarri nahi nizkizueke egin dudan hausnarketa azkarraren ondoren:
1.Gailu hau desberdina da
Gainerantzako gailuekin alderatuta, tresna teknologiko oso aurreratu baten aurrean gaude. Zenbait datu emate aldera, 12 kamera, 5 sensore eta 6 mikrofono ditu, bai ingurua zein gure begien mugimendua jarraitzeko. Zertarako horrenbeste informazioren beharra? Bada Apple Vision Pro honek gailuan bertan dituen botoi eta gurpiltxoaz gain, beste ezer ez duelako aginduak emateko. Hau da, eskuen, begien eta buruaren mugimenduaz gain, ahots aginduak dira gailua kontrolatzeko erabiltzen direnak.
Hauetaz gain, espazio sentsazio hori sortzeko, begien parean lente bereziak eta bereizmen handiko pantailak ditu, posta zigiluen tamainakoak, 23 milioi pixel batzen dituztenak. Ezinbestekoa da bereizmen altukoak izatea begietatik oso gertu baitaude.
Nabarmendu nahiko nuke urpekarien tankera duten betaurreko hauek ez direla gardenak, opakoak baizik. Kontua da kanpokaldean beste pantaila bat dagoela ingurukoek erabiltzaileren begiak ikusiko balitu bezala erakusteko. Era berean, norbait hurbilduko balitz, automatikoki pertsona honen irudia ikusten du erabiltzaileak. Honekin Applek bi soluzio desberdinen onena bateratzea lortu nahi du: pantailari gardentasun sentsazioa ematea ingurune errealarekin hartu-emana ahalbidetzeko eta, aldi berean, pantailetak kalitaterik handieneko irudiak erakusteko, erabiltzailearen esperientzia ahalik eta osoena izan dadin.
Albo batera utzi ezin dugun beste ezaugarrietako bat betaurreko hauek ez dutela beste gailuren beharrik, hau da, Apple Vision Pro-a bera da guztia konputatzeko gai dena barruan dituen M2 eta R1 izendatutako bi txipei esker. Hau da, mahai gaineko ordenagailuak izatetik, eramangarrietara pasa ginen; ondoren mugikorrak eta tabletak iritsi ziren; orain betaurrekoak izan daitezke hurrengo pausua garapen honetan.
2. Ez da guztiontzako
Bai prezioagatik eta baita jarduteko era berri hau ikusita, lehen bertsio hau behintzat, 4.000€ produktu honetan gastatzea inporta ez zaion jendearentzat eta garatzaileentzat izango da. Ez da kasualitatea hasiera batean Estatu Batuetan bakarrik kaleratzea. iPhone-aren lehen bertsioarekin berdina egin zuten, baina kasu honetan desberdintasun handi bat dago: mugikorrak guztiok erabiltzen genituen eta, garestia izanik ere (500$ inguru balio zuen garai hartan iPhone modelo harek), populazio altuago bat zegoen prest diru hori ordaintzeko. Vision Pro honekin, berriz, oraindik populazioan txartatuta ez dauden betaurreko berri batzuekin dator Apple. Bai, badaude merkatuan beste aukera batzuk, baina zuetako nork ditu? Nik ez bederen, eta hori Apple Vision Pro hauek baino merkeagoak direla jakinda.
3. Garatzaileek eta erabiltzaileek erabakiko dute zertarako balioko duen eta benetan disruptiboa izango den
Applek ohi duen moduan, ez du data zehatzik jarri produktu berri hau kaleratzeko, hurrengo urte hasieran izango dela soilik zehaztu du. Arrazoi nagusia zera da; garatzaileei denbora ematea betaurreko hauek merkaturatzerako aplikazio interesgarriak prest izan ditzaten. Horregatik, aurkezpena WWDC Applen garatzaileen kongresuaren hasieran egingo da, garatzaileek produktua ulertu dezaten eta aplikazio erakargaria garatu ditzaten, iPhone-arekin egin zuten moduan. Izan ere, erabiltzaileek, gailua liluragarria bada ere, ez dute erakargarritasunik sentituko erabilgarritasunik aurkitzen ez badiote. Horregatik diot garaitzaileen eskuetan dagoela hein handi batean gailuaren arrakasta.
Gai izango ote dira garatzaileak dimentsio berri batetara eramateko egungo kontsumoko elektronikaren erabilpena? Hala bada, beste faktore asko alboan utzi gabe, erabiltzaileek balioan jar dezakete ordenagailua, mugikorra edo tableta erabili beharrean, Apple Vision Pro-ak jantzita zenbait lan egitea edo pelikula gogoangarri horiek zinean baino pantaila handiagoko batean bailitzan ikustea edo baita bideodeiak egitea ere. Ez bada balio hori sentitzen, nekez egingo du produktu honek aurrera.
Gogoan dut nola unibertsitateko aldizkari batean mugikorrak kritikatuz idatzi nuen artikulua, artean exekutiboi lotutako gailuak zirenean, etorkizunik ez zutela izango aurreikusiz. Arantza hori hor izango dudala dirudi, izan ere oraingoan ez dakit Apple Vison Pro-a izango den edo beste gailuren bat, baina iruditzen zait teknologia salto berri baten aurrean gaudela eta etorkizunean era honetako betaurrekoak erabiliko ditugula.