Orain dela urtebete inguru edo izan nuen PressReader plataforma digitalaren berri. Netflix eta bestelako ikus-entzunezko plataformen antzera, azken honek mundu mailako prentsa eta aldizkariak biltzen ditu. Hileroko ordainketa baten trukean nazioarteko makina bat argitalpenetara sarbidea ematen digu. Ez da merkea, 29,99€ baitira hilean. Netflix eta gainontzeko ikus-entzunezko plataformekin alderatuta, ez da merkea, baina akaso ez dirudi horren garestia egunkariek bakarka ezartzen dituzten prezioekin alderatuta.
Askok pentsatu genuen etorkizun makurra zuela prentsa idatziak. Hasieran, egunkariak, beraien webguneetan irekian hasi ziren artikuluak kaleratzen eta bezeroak paperezko prensta baztertuz joan ginen digitalizazioaren eraginez, eta doan zelako, noski. Beranduago eduki horiek blokeatuz joan dira bizirauteko. Googlekein ere borrokan aritu ziren edukia babestu nahian. Borroka horretan, badirudi PressReaderek negozio eredu jasangarri bat aurkeztu digula, bai irakurle zein ekoizleentzat baliagarria, oraindik ziurtzat jotzeko goizegi den arren.
Gainontzeko ikus-entzunezko plataformen antzera, geolokalizazioaren arabera PressReaderen katalogoa aldatu egiten da. Horrek ere bere zentzua dauka. Izan ere, zenbait argitaletxek badituzte plataforma propioak herrialde jakin batzuetan. Adibidez, ezaguna da hemen Kiosko y más plataforma, Prisa taldeko egunkariak biltzen dituena, El País kasu. Hauek iberiar penintsulatik PreesReaderera sartuta ez daude eskuragarri, baina beste herrialderen batetik sartuz gero, bai.
Hizkuntza desberdin askotako argitalpenak daude bertan: gaztelania, frantsesa, alemana, ingelesa, indiarra, txinera,…. baina euskara falta da! “Netflix euskaraz” ekimena datorkik gogora. Garrantzi handia eman zitzaion, eta oraindik ere badauka, edukiak euskaraz izateari. Legelbiltzarrera ere iritsi zen. Bada, iruditzen zait kasu honetan, eta modu errazagoan, aukera dutela Berria egunkariak, edota hainbat herrietako euskarazko aldizkariek, PressReaderen beraien edukia eskaintzeko.
Ez dut inorekin hitz egin gai honen inguruan (Martxelo Otamendiri email bat bidali niezaiokeen), eta ez jakiteagatik, PressReaderek ekoizleentzat jartzen dituen baldintzak zeintzuk diren ere ez ditut ezagutzen. Baina nahiko argi dut Netflixeko edukiak euskaraz izatea baino baliabide gutxiago beharko direla hau aurrera eramateko, eta akaso, ez baitakit, euskal ekoizleentzat mesedegarria izan daitekeen aukera berri baten aurrean gaude.