Bazirudien COVID-19ak ahalbideratu zien autobide zabala aurrean zutela, enpresa teknologikoek etorkizun oparoa izango zutela ondorengo urteetan. Gailuei dagokioez, ezinbestean ordenagailu, kamera eta konexio azkarrak eskuratu beharrean izan ginen tajuz lan egiteko zoritxarreko pandemia hastapen hartan. Softwarearen alorrean, berriz, Zoom aplikazioa ezagutu genuen eta gutxi erabiltzen genuen Microsoft konpainiaren Teams aplikazioa enpresa askotako ezinbesteko erraminta bihurtu zen beste zenbait aplikazioen artean.
Antzera jazo zen gure aisialdiko beharren inguruan. Etxean atera ezinda ginela, Netflix kontratatzeari ekin genion Amazon Prime nahikoa ez izanda; edota ero moduan bizikleta gainean Pelotonen izena eman genuen. Aldi berean, pagotsa zirudien Facebook/Meta nahiz Amazon enpresentzat sortu zen egoera, batzuk publizitatea salduz diru-sarrerak arras igoz eta besteak, lainoko zerbitzuen gorakadaz gain banatzaile nahikorik gabe geratzeraino sortu genuen gehiegizko eskaera zela.
Hori guztia 2021ean ikusi genuen, oraindik pandemiaren amaiera zein zen jakin gabe etsituta ginela. Gaur, ordea, gauzak bestela dira. Berriro ere lehengo ohituretara bueltatzen ari gara pandemia gaindituta dugun honetan. Egia da bai lantokian, telelana kasu, baita gure aisialdian ere, teknologia gehixeago darabilkigun arren, pandemiako garaiko erabilpen mailatik urrun geratu dira. Horren erakusgarri da teknologia inguruko konpainien azken kaleratze datuak. Adibidez, Metaren kasuan, 11.000 kaleratze jakinarazi ditu, hein handi batean zuzendaritzak metabertsoaren inguruko erabaki desegokiek baldintzatuta, baina Amazon berak ere 10.000 inguruko datua eman du. Bestea Peloton dugu, 4.600 kaleratzerekin, eta azkena jakin duguna Twitterreko 3.700 kaleratze ezagunak, Elon Muskek erosketa gauzatu eta polemikarako atea zabaldu duena kopuruagatik baino moduengatik.
Ez da garai ona horrenbestez teknologia munduko enpresentzat. Beno, akaso Apple izan daiteke salbuespena izan ere Cupertinoko enpresaren balioa merkatuan Alphabet (Google), Amazon eta Meta hirurak batuta baino handiagoa baita egun. Salbuespenak salbuespen, konpainia hauen egoerari merkatuan den hornitze katearen, lehengaien eta mikrotxipen arazoa gehitzen badiegu, badirudi garapen teknologikoak geldiune bat bizi dezakeela kasurik txarrenean, baina egoeraren aldaketa bat testuinguru honetan aktore berriak agertzen badira.