Kriptodiruaz eta bloke-kateaz edo Blockchain-ari buruz idatzi izan da txoko digital honetan. Ez da harritzekoa, ulertzen ez dugun eta askok uste baina indar handiagoz datorren kontua baita bloke-kate teknologia. Bai, seguru guztiz arrotza egiten zaizula guztia, neuri ere ez zait erraza egiten hainbat gauza ulertzea, baina adibideak ikusten ari garen heinean jabetzen joango garelakoan naiz. 

Dakizuen moduan txirrindularitzaren munduarekin lotura dut Tropelaren bitartez, beraz, ez zaizue harritzekoa egingo bizikleten inguruko adibide bat ekarri izana. Egia esan bi adibide ekarri nahi nituen, esan bezala, teknologia honen erabilera ulertzen joateko. 

Colnago bizikleta ekoizle italiarra izan da bere bizikletetan lehen pausua ematen. My Lime enpresa hasi berriarekin elkarlanean, V3R Ice & Fire bizikleta modeloaren kuadroaren jabegoa ziurtatuko du bertan daraman tag edo etiketa bati eta bloke-kateari esker. Era horretan eta My Lime-n aplikazioari esker, jabegoa bermatuta izango da baita kuadroa bera saltzen denean ere, guztia erregistratuta geratuko baita My Limek darabilen bloke-katean.  

Beraz, My Limek benetako gauza ukigarriak guztien eskura dagoen kontratu publikoetan, hau da, bloke-katean, jabegoa ziurtatuko du. Baina ez hori bakarrik, bizikleta horren bertsio ez-ukigarria baten jabe izango da. “Ukitzen ez den bizikleta bat? Zertarako balio du ukitu  edo erabili ezin den bizikleta batek?” pentsatuko duzue. 

Bigarren bizikleta hau, benetakoa ez dena baina digitala izanik ere bakarra, gero eta gehiago aipatzen ari den NFT bat da. Ezaguna egingo zaizue honezkero terminoa. Non-Fungible Token edo “bale ez suntsikorra” – akaso norbaitek egokiago euskaratuko du -, bloke-kateen  teknologian oinarritzen da eta arrakasta izaten ari da, batez ere arte munduan. Digitalki sortutako artelanak zein argazkiak salgai ditugu, horren kopiak edonork izan batitzake ere, originalak (bat ala gehiago izan daitezke) ziurtatutako jabe bakarrak direlarik. Hauen ezaugarri nagusiak bakarrak, zatiezinak, transferigarri eta urriak direla frogagarriak direla da. 

Colnagok ere aurretik salgai jarri zuen C64 modeloa NFT moduan, “C64 NFT” izenez kaleratu  zutena. NFT-en inguruan entzuten ari garen moduan, kasu honetan ere prezio oso altuan saldu zen, 8.500$ inguruko prezioan. Pentsa, benetako kuadro bate balio duena baina  2.500$ gehiagotan. Zoratu egin ote da jendea? Akaso bai, baina ezin ezer ziurtatu. 

Ikusten duzuen moduan, bloke-kateen teknologia esparru berriak irekitzen ari da eta gero eta erabilpen gehiago ezagutzen ari gara. Oraindik mundu berri honek nahikoa ez gaituela harritu esango nuke.