Une honetan hamarnaka pertsona egongo dira lagun informatikoei laguntza eskatzen Windows 11a eguneratzeko. Lagun informatikoa bazarete, matxinatzea proposatzen dizuet. Geneulinus komandoa deituko diogu. Oso erraza da azaltzea: Windows 11 instalatzeko laguntza eskatzen dizun pertsona bakoitzari Ubuntu GNU/Linux instalatuko diozu. Debian ere instalatu dakieke, ingurune grafikorik gabe.
Pertsona horrekin duzun erlazioaren arabera erabaki dezakezu bat ala bestea instalatzea.
Ubuntu GNU/Linux sistema eragilearen 21.10 bertsioa eta Windowsen 11. bertsioa – ez dago argi azken hau sistema eragile funtzionala den ala ez – ia aldi berean datoz, baina ez eskutik. Hala ere, Windows 11 instalazioa sufritu duten, bai, sufritu, pertsonen iruzkinak irakurrita, ondorioztatu dut bietako bat bakarrik dela aukera egokia.
Izan ere, Windows 11 abiarazteko arazoen zerrenda egunetik egunera handitzen ari da. AMD prozesadoreen lana oztopatzetik – % 15era arte – (ez dakit artikulu hau argitaratzen den egunean arazo hau konponduta egongo den ala ez), instalatu ondoren sistema eragile berriarekin oraindik bateragarriak ez diren aplikazioetaraino. Niretzat behintzat, argi dago Redmond inguruetako software berriaren erabiltzaileek inori opa ez diodan malko-haran batetik igarotzen ari direla.
Lagun onek ez liekete Windows erabiltzen utzi behar lagunei.
Windows eguneratu behar baduzu, sistemaren eskakizunak, zure hardwarearen bateragarritasuna eta bertsio berrira eramateko ezinbestekoa duzun software guztia oso ondo begiratzea gomendatzen dizut. Ezer egiten hasi orduko.
Artikuluaren puntu honetan, hiru aukera daude: lehenengoa, Windows 11a oraindik ez eguneratzea gomendatzea izango litzateke. Bigarrena, diruak praketan erre egiten badizu, sistema alternatibo – baina pribatibo – batera joatea aholkatzea izango litzateke, adibidez Applerenera. Eta hirugarrena, eta azkena, sistema eragilea aldatzea eta Ubuntu GNU/Linux probatzea gomendatzea litzateke. Software librea dena, noski.
Lehenago irakurri banauzue, argi dago, nire aburuz, aukera zuzena hirugarrena dela.
Canonicaleko sistema eragileak galaz janzten duten osagaiak estreinatu ditu: instalatzaile berritu bat, Gnomeren 40. bertsioa, touchpad keinu berriak…Ubunturen bertsio berrian aurkituko dituzuen berrikuntzetako batzuk aipatzearren. Ubunturen azken bertsio honek Impish Indri du izena, eta bi gauza aipatu behar dira: lehena, Linux oinarria duen sistema eragile honen 25. edizioa dela, eta, bigarrena, sistema eragilearen aurreko bertsioak baino azkarrago instalatzen dela. Eta aurreko bertsioen instalazioak ez ziren motelak.
Ubuntu GNU/Linux-en azken bertsioa doan deskargatu dezakezu dagoeneko, eta nahi baduzu, ISO-a USB memoria batean erre eta Live moduan probatzeko (ez dizu ezer instalatuko) moduan zaude gaurdanik. Ubuntuk eskaintzen dizuna behar duzuna den erabakitzeko aukera izan dezazun. Ziur nago kasuen % 99,9an, baiezkoa izango dela erantzuna.
Aipatzea ahaztu orduko: Ubuntu GNU/Linux euskaraz aurkituko duzue hasiera-hasieratik. Software libreak ondo lan egiten duelako itzulpenekin. Beste batzuek ez bezala. Txantxa hau azkena.
Nola jartzen naizen baldin badakizue, zertarako gonbidatzen nauzue? 😉