Guraso askoren kezka islatzen duen galdera potolo horietako bat da hau: mugikorra noiz? Eta galdera horren atzetik datoz beste hauek: zertan ari dira nerabeak mugikorra eskuan dutenean? Ez al dute pantailen aurrean denbora gehiegi ematen? Hori jakiteko trebatuta al gaude gurasoak? Kezka badugu, baina, paradoxikoki, geroz eta adin txikiagokoen esku jartzen ditugu mugikorrak eta bestelako gailu digitalak.
Nolabait esateko, badirudi kulturalki onartuta genuela LH 6-tik DBH 1-erako saltoa ematen den udan nerabeei mugikorra ematea. Hori nahikoa ez, antza, eta adinak behera egin du azken urteetan: jaunartzea, eskolako notak hobetzea, neba-arreba txikiago baten jaiotza, esku-pilotako txapelketako finalerdietara iristea, lehen edo azken hortza erortzea… edozein aitzakia bihurtzen dugu opari. Dena den, haurrarentzat benetan oparia al da Interneterako sarbidea emango dion gailua?
Tamalez, haur eta nerabeei egindako opari horiek arrisku ugari ezkutatzen dituzte opari-paperaren atzean; adibidez: haur eta gazteek badakite sare sozialek nolako manipulazio-estrategiak erabiltzen dituzten gure atentzioa erakartzeko eta mantentzeko? Badakite erreferentetzat dituzten tik toker, gamer, twitcher eta sasi-influentzerrek esaten eta egiten dutenarekiko kritiko izaten? Badute horretarako erremintarik? Emozionalki eta afektibo-sexualki hezi ditugu? Hezkidetzan eta aniztasunean hezi ditugu? Badakite beren burua eta hurkoa errespetatzen? Mugikorraren erabilera kritiko eta arduratsua egiteko prestatu ditugu? Nerabeentzat presio sozialari aurre egitea zaila dela diogu, eta guk? Nola egiten diogu aurre?
Ezin galderei erantzun; baina, halere, mugikorra ematen diegu. Askotan, etxeko giltzak baino lehenago dute haurrek sarerako giltza, eta ate asko zabaltzen zaizkie: gehiegizko erabilera, eduki ezegokiak, indarkeria, eredugarriak ez diren gune eta pertsonak jarraitzea, genero estereotipoak, ergonomikoak ez diren posturak, hizkuntza bortitza, pribatutasun falta, neurrigabeko desinhibitzea… Bai, hori guztia eta gehiago jartzen dugu seme-alaben eskura mugikorra oparitzen diegunean, edota gurea uzten diegunean, zein sare sozialetan kontua zabaltzeko jaiotza-data faltsua ematea onartzen dugunean. Zergatik begiratzen dugu beste aldera, bueltan etorriko zaigula ondo dakigunean? Ala dagoeneko ikasi dugu gure burua benetan engainatzen?
Paradoxaz eta kontraesanez beteta gaude, eta mugikorraren kasuan, zer esanik ez. Geroz eta ohikoagoak dira teknologiarik gabeko espazioak familietan, seme-alabekin kalitatezko denbora pasatzeko, eta guk geuk deskonektatzeko. Batetik, halako espazioak sortzen eta, bestetik, tori mugikorra!; ez dadin aspertu, edo ez nazan aspertu. Baina, goazen harira: mugikorra noiz? beharrean, mugikorra zertarako? galdetuko nuke. Hartara, galdera hori beste bati kateatuta etorriko zaigu burura: seme-alabari mugikorra emateak guraso bezala eskatzen dizkidan ardurak hartzeko noiz egongo naiz prest?