Azken urteak izan dira datuen urteak. Petrolio berria esan zaie datuei eta petrolio berri hori izan da marketin digitalaren erregai nagusia. Kanpainen segmentazioa, publizitate programatikoa, afiliazio-marketina, sare sozialetako publizitatea, re-marketina… datuei esker garatu dira.
Maila teknikoan cookiek ahalbidetu dute erabiltzaileen datuak bildu eta gordetzea. Non eta erabiltzailearen ordenagailuan bertan. Izan ere, erabiltzailearen ordenagailuan testu fitxategi txiki bat gordetzen dute webguneek, erabiltzaileak identifikatzeko mekanismo gisa. Eta cookie mota bakoitzak bere funtzioa dauka:
Cookie motak
- Analisi-cookieak: web gunearen erabilerari buruzko informazioa biltzen dute.
- Cookie sozialak: kanpoko sare sozialetarako behar direnak dira.
- Afiliazio-cookieak: beste webgune batzuetako bisiten jarraipena egiteko aukera ematen dute.
- Publizitate-cookieak: erabiltzailearen hobespen pertsonalei buruzko informazioa biltzen dute.
- Cookie tekniko eta funtzionalak: web gunea erabiltzeko eta kontratatutako zerbitzua emateko behar-beharrezkoak direnak dira.
Alabaina, ez dira cookien garairik onenak eta bi gertakarik zalantzan jarri dute cookie ez teknikoen etorkizuna:
- 2018ko Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta estatuek honen gainean egindako interpretazioak.
- Google Chormek 2022tik aurrera cookieak blokeatzeko asmoa iragarri izana.
Cookie ez teknikoen onespena
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra 2018ko maiatzean sartu zen indarrean Europar Batasunean. EBko zuzentarauaren arabera, erabiltzailearen baimen informatua behar dute analisi-cookieek eta publizitate- eta afiliazio-cookieek, eta salbuetsirik daude izaera teknikoa dutenak eta webguneak funtzionatzeko edo erabiltzaileak espresuki eskatutako zerbitzuak emateko beharrezkoak direnak. Horren ondotik herrialde bakoitzak interpretazio ezberdinak argitaratu ditu.
Berritasun nagusia Datuak Babesteko Europako Kontseiluaren jarraibideetara egokitzea izan zen; izan ere, agentziak jasotzen zuen formuletako bat (nabigatzen jarraitzea) ezin zen baliozko onespentzat hartu. Horrela, ordutik, erabiltzailearen berariazko onespena beharrezkoa da cookie ez-teknikoak kargatzeko. Cookie teknikoak zer diren herrialde bakoitzak ezberdin interpretatu du. Espainia eta Frantziarentzat Cookie analitikoak ez dira teknikoak, Italiarentzat ostera bai. Horrela, Italian ez bezala, Google Analytics bezalako tresnek erabiltzaileen onespena behar dute gurean.
Hirugarrenen cookieak
Googlek iragarria du 2022an hirugarrenen cookieak Google Chrome nabigatzailetik ezabatuko dituela azken urteetan martxan egon den publizitate-sistema pertsonalizatua aldatzeko.
Gaur egun, Firefox eta Safari bezalako nabigatzaileek hirugarrenen cookieak mugatzen dituzte erabiltzaileei beren datuen pribatutasunarekin eta babesarekin laguntzeko modu gisa. Baina, Googlek etekin handia ateratzen die publizitate-cookei. Interneten ikusten ditugun iragarki gehienak hirugarrenen cookieetan oinarritzen dira, eta Google publizitate plataforma erraldoia da.
Zergatik, orduan, cookieak blokeatu? Sistema propioa garatzen ari delako: FLoC,
Federated Learning of Cohorts.
FLoC
FLoC-ek erabiltzaileak taldekatuko ditu interesen arabera. Horrela, interesak multzokatzean, ez dira erabiltzailearen datuak zehazki identifikatzen baina cookiekin baino informazio gehiago bilduko dela uste da eta nabigazio-historiari esker ahalmen handiagoa izango du erabiltzaileen portaera denboran nola aldatzen den jakiteko.
Horrela, cookieak blokeatu eta FLoC ezartzeak Googlen indar posizioa areagotuko luke. Izan ere, orain arte webgune bakoitzak haren erabiltzaileen datuak gordetzen bazituen, FLoCi esker, Googlek zentralizatuko luke informazio guztia.
Ikusteko dago noiz eta nola iritsiko den FLoC Europara. Baina, ez dago zalantzarik Googlek azkarrago aldatzen dituela joko-arauak instituzioek araudiak baino.