Komunikaziorako eta teknologia berrietarako Nazio Batuen Agentziaren datuen arabera, munduko biztanleen %60k baino ez du Interneterako sarbidea. Hain zuzen ere, Interneterako sarbidea dutenen eta ez dutenen arteko desberdintasunari eten digitala deritzo duela 30 urte baino gehiagotik. Denboraren poderioz, beste eten digital batzuk azaleratuz joan dira, zein baino zein arriskutsuagoak: sozio-ekonomikoa, geopolitikoa, edota genero etena, adibidez. Azken honi dagokionez, gainera, handitzen ari den etena dela erakusten digute datuek: mundu osoan, emakumeen %50 baino gutxiago daude Internetera konektatuta. Egun, sexuen arteko eten digitala %17koa da; 2013an %11koa zen.
Bada arduratzen gaituen beste eten digital bat, eta gure etxeetan bertan pairatzen ditugu bere ondorioak. Izan ere, ziur inoiz egin dizkiozula zure buruari honelako galderak: norekin eta nola harremantzen dira gaztetxoak online jolasetan? Zer dira pantailan dituzten aplikazio ezezagun horiek? Orain ere, zer ari dira sakelekoan begiratzen? Ez ote dute sarean denbora gehiegi ematen? Lehen mugikorra, noiz? Nork bere inguruari begirada bat botatzea nahikoa da gurasoak seme-alabengandik —edo irakasleak ikasleengandik— urruntzen gaituen eten digitala arrakala aspaldi bilakatu zelaz jabetzeko. Are gehiago, pandemia garaiaz geroztik, arroila erraldoia bihurtzeko bidean doa eten hau.
Bistan da gure gazteen testuinguru digitala urruti geratzen zaigula, eta oraindik urrunago geratuko zaigu, erabiltzen dituzten bitartekoak ezagutzeko ahaleginik egiten ez badugu. Kezka badugu, baina maneiatzen dituzten baliabideak arrotz zaizkigu. Laguntza behar dugu. Eta gazteek, ezer behar dute? Baietz esango nuke. Heldutasunerako bidea egiten ari den bidaiaria da gaztea, eta ez luke bidaia hori bakarrik egin behar: bidelaguna behar du. Internet egunerokotasunean baliatzen dute, baina gure gidaritza behar dute erabilera hori modu seguruan egiteko eta sarean partekatzen denaren eta dutenaren inguruko ikuspegi kritikoa garatzeko.
Eten, arrakala zein arroila murriztea ez da kontu teknologikoa, heziketa kontua da. Elkar ezagutu nahi badugu, algoritmoak bakoitzari buruz dakiena baino gehiago jakin nahi badugu, elkarrekin egin behar dugu bidea. Gazteek eta helduok —izan guraso edo irakasle— asko dugu elkarrengandik, eta elkarrekin, ikasteko. Elkarri laguntzen hasteko une egokiena aspaldi pasa bazen ere, gaur bertan dugu bidaiari ekiteko aukera. Eta gazteek jakintza eta freskotasuna eta guk heldutasuna eta sen ona sartzen baditugu maletan, ziur bidaia polita egingo dugula. Esaerak dioen bezala, hobe berandu inoiz ez baino.