Boterea, horixe sentitzen da balorazio bat utzi behar dugun momentuan. Izarrak, puntutxoak, edo zenbaki batekin zerbitzu bati nota jarri behar zaionean, barrenean dugun sua pizten zaigu. Erromako enperadore baten antzera, gure hatzarekin heriotzera kondenatu dezakegu zerbitzua eskaini digun pertsona edo enpresa. Momentu horietan ederki puzten gara, gure iritzi xume batek eragina izango duelako.
Lehen, informazioa ahoz aho zabaltzen zen, eta baten batek katea eten ezkero, bidean galtzen zen dena. Gaur egun ordea, onerako eta txarrerako, den-dena jasota geratzen da “per saecula saeculorum”. Gure iritzi xume horrek, eragina izaten jarraituko baitu, gaur, bihar eta etzi.
Baina aipamen horiek ez dira idatzi bakarrik egiten, irakurri ere egiten dira. Eta sareko erabiltzaileok, gutxitan hartzen dugu denbora balorazio den denak irakurtzeko, informazioa egiaztatzeko. Izartxoei bakarrik begiratzen diegu. Eta hau gutxi balitz, aipuren bat irakurtzeko beta hartzen badugu, balorazio kaxkarrak irakurtzeko bakarrik izan ohi da. Benetan jakin gabe, bertan idatzita dagoena egia edo gezurra den. Askotan min egiten duten aipuak aurkitzen baitira izar gutxiko balorazioetan.
Online denda batean erosten diren produktuekin esperientzia txarren bat edukiz gero, gure dirua bueltan jasotzeko aukeraren bat izan dezakegu. Ez da gauza bera gertatzen zerbitzuekin, adibidez jatetxeekin. Kasu horietan, zerbitzu ezberdina jasotzen delako egun batetik bestera, eta kontsumitu ostean ez dagoelako dirua berreskuratzeko aukerarik.
Udako oporrak prestatzerako orduan egin dut topo tankera horretako balorazioekin. Eta denetarik ikusi dut. Hala nola erdipurdiko zerbitzu baten ostean balorazio negargarriak jaso dituen jatetxea, puntuazio kaxkar bat eta gero jabearen erantzun irmoa jaso duen besteren bat, bai eta xantaia edo mehatxuren bat jaso duen jatetxeren bat ere. Azken hau da, benetan arreta piztu didana. Boterea lortzen denean, min egiteko erabiltzen delako, edo azken puntu batean onura pertsonalen bat lortzeko.
Spidermanen film batean aipatzen zen bezalaxe, botere handi batek erantzukizun handia dakar. Eta hori da sareko erabiltzaileok ikasi eta ulertu behar duguna. Albisteekin egin ohi den bezala, ezin baikara fidatu sarean topatzen dugun ororekin. Bere horretan guztiz sinetsi dezakegun balorazio baten fidagarritasuna hutsaren parekoa izan daitekeelako.
Michelin izarrak banatzea ez dago sareko erabiltzaileen eskuetan, baina sareko izarrak ondo banatzea bai. Eta gure balorazio horien izarren distira, gurpil enpresa batek banatzen dituen garaikurrek baina garrantzia handiagoa dute.