Aitortuko dizuet, zer arraio: gure etxean, denok gaude apur bat burutik jota. Arrebarik gazteena, adibidez, konspiranoiazale amorratua da. Iker Jimenez eta konpainiaren jarraitzaile amorratua. Ez dizuet ukatuko ni ere Mileniozalea naizenik, baina zaletasun diferentea da. Nik egundoko barre algarak egiten ditut Ikerren tertuliakideen okurrentzia eta teoriekin. Eta, batez ere, haiek defendatzeko ‘argudioekin’. Arrebak sinistu egiten ditu. Frikia pizten zaionean bai, behintzat.
Eta noski, pentsa dezakezue zer txarto pasatzen ari den arreba pandemia eta konfinamendu eta kontu honekin guztiarekin. “Bai, zuek egin barre,”-lehengoan, anai-arrebon Whatsapp taldean-”eta jarraitu pentsatzen hau bukatuko dela eta hilabete barru normaltasunera bueltatuko garela. Hau guztiau iragarrita zegoen, maitiok. Eta datorrena ez da samurra izango”. Jarraian, Youtubera duela aste gutxi batzuk igotako, baina berez 2008 inguruko bideo baten lotura. Bertan, Bill Ryan izeneko pertsonaia estatubatuar bat, ‘The Anglo-Saxon Mission’ delako zeozer azaltzen saiatzen da.
Laburbilduz: izena ezin esan dezakeen militar ingeles batekin egona dela (zela, 2008 duela 12 urte baita, lagunok), eta elkarrizketa bat grabatu zuela audioz. Grabazioa ere ezin du argitaratu, noski, lagun militarra ez inplikatzeko. Militarrak ezustean bukatu ei zuen egotea tokatzen ez zitzaion bilera batean, non munduko hainbat agintari zeuden. (Agintari horiek zeintzuk ziren ere ezin digu esan, noski). Eta bueno, han entzun zien agintari horiei munduaren populazioa erdira murrizteko plan bat zutela martxan (2008an, gogoratu). Abiapuntua: Txinan piztuko zen pandemia bat, gerora ekialde urrunean gerra atomiko bat eragingo zuena, helburua delako arraza zuria gailentzea “Hitler bera lotsarazteko moduko metodoekin”. Illuminatien plan bat omen da guztia, kontua delako gizakiok berez ahalmen izugarriak lozorroan ditugun estralurtarrak garela, eta illuminatiek ez dute nahi inor konturatzea super-ahalmen horiekin…
Pentsa dezakezuen moduan, Whatsappeko elkarrizketa hura ez zen oso ondo bukatu. Arreba gazteena guztiz suminduta, eta beste hirurok barre-malkotan, tripak botatzen.
Baina aizue, konspiranoia apur bat sekula ez dator txarto. Eta badakizue zer? Nik illuminatirik ez dut ikusten bazterrotan. Baina egunotan asko akordatzen ari naiz New Yorkeko 2001eko irailaren 11ko atentatuarekin. Haren ondorioekin, zehazki. Aginteak nola baliatu (eta gizarteak nola onartu) zuen hura zaintza masiboa ezartzeko aitzakia perfektu gisa. Bideozaintza zabal eta intentsiboa non-nahi, ageri-agerian, geure segurtasunaren izenean. Aireportuetako kontrol eta murrizketak. Gailu eta software egileei ‘atzeko ateak’ ezartzeko eskakizun unibertsal eta agerikoa, batere lotsarik gabea, segurtasunaren izenean. Telekomunikazio erabiltzaile bakoitza, norbanako zein kolektiboa, zehatz-mehatz identifikatzeko lege zorrotzak mundu osoan…
Nik gogoan dut mundu bat -beharbada amestu egin dut- zeinetan protestak egiten ziren bideozaintzako kameren aurka. Non estanko batera joan zitekeen, SIM txartel bat erosi, eta telefono zenbaki bat izan inori konturik eman beharrik gabe. Click To Tweet
Nik gogoan dut mundu bat -beharbada amestu egin dut- zeinetan protestak egiten ziren bideozaintzako kameren aurka. Non estanko batera joan zitekeen, SIM txartel bat erosi, eta telefono zenbaki bat izan inori konturik eman beharrik gabe. Interneten sartu orduko beste aldeko zerbitzariak zure azken amorantearen zapaten zenbakia igartzerik ez zuen mundu bat. Hori dena pikutara joan zen 2001eko atentatuaren ondoren zabaldu zen/zuten/ziguten/genuen beldur kolektibo eta segurtasun beharraren ondorioz.
Usaintzen nabil COVID-19aren krisi honek antzeko kolpe bat ekarriko digula, beste estualditxo bat askatasun indibidual eta kolektiboei amore emanarazteko, guztion segurtasun eta, ideia hori beharbada gastatuegi dagoenez, osasunaren izenean. Diskurtso horren haziak ikusi eta entzun ditugu egunotan han hemenka:
- “Honelako izurriteak gero eta maizago errepikatuko zaizkigu”.
- “Gaixotasunaren kontrola handiagoa izan da Asian, han ez dutelako hain mizkin jokatu eskubide pertsonalak eteteko orduan”.
- “Ezohiko egoera honetan, normaltzat jo behar dugu agintariek populazioari ezohiko ahaleginak eskatzea”.
Ez pentsa hazi horiek alferrik galtzen ari direnik. Sendo errotzen hasi dira, denok ikusi ditugun “balkoizainak” horren erakusgarri. Hau irakurtzen ari zareten guztiok ikusita duzue adibide bat baino gehiago, seguru: segurtasunaren eta osasun publikoaren izenean, kalera irten den gizagaixoari bereak eta bi esan, eta hura jipoitzen duten segurtasun agente publiko zein pribatuen alde jartzen direnak. Lanetik datorren erizainari balkoitik garrasi egin eta oldartzen zaizkionak… Hain naturaltzat hartzen ari dira batzuk hori guztia, oldarraldi horietatik libratzeko justifikazioa dutenak besoko urdin batez identifikatzea proposatzera irisi baitira. Aizu, diot nik, ez da askoz ere normalagoa inori garrasi ez egitea? Eta tira: pozaldi, harroaldi eta haserraldi kolektibo planifikatuak ere beste egun baterako utziko ditugu…
Total: ez dut uste, ez, illuminatiek munduko populazioaren erdia akabatu nahi gaituztenik. Baina kexaren bat baldin baduzue, bereziki teknologia eta administrazioarekin lotuta, zuen pribatutasuna, anonimotasuna eta abarrak ondo zaintzen ez direlako, uste dut hobe duzuela lehenbailehen plazaratzea. Esango nuke hilabete batzuk barru bideozaintza kamerengatiko protestak bezain vintage izango direla.