Gailu teknologikoak erosteko orduan, hainbat faktore hartzen ditugu kontuan: prezioa, norberak duen aurrekontua, gailuak eskaintzen dituen funtzio eta zerbitzuak, funtzio eta zerbitzu horiek zer neurritan asetzen dituzten gure beharrak… Baina horiekin batera, bada beste faktore bat, batez ere teknozale amorratuon kasuan erabakigarria dena: gailua ‘moloia’ den ala ez.

Moloigarritasun hori oso zaila da definitzen, eta esango nuke hainbat osagai dituela. Sofistikazio teknikoa izango da nagusienetakoa: puntako teknologia erabiltzea. Baina ez behar zehatz bati erantzuteko, teknologia aurreratuaren plazerragatik baizik. Zenbat eta alferrikako sofistikazio handiagoa, orduan eta moloiagoa da trepeta.

Moloigarritasunaren kontu hau (egongo da, seguru, azalpen zientifikoagorik) oso ondo ezagutzen dute teknologia markek, eta euren estrategiaren zati handi bat horretan oinarritzen da. Horrela baino ezin da ulertu, adibidez, telefoniaren munduan azken urteotan ‘aurrerapen ikaragarritzat’ kolatu dizkiguten aldaketa teknologiko gehienak. Hasi telefono eta tablet proiektoredunetatik, eta jarraitu aldatu ezin daitezkeen bateriak, botoi fisikoen desagerpena, aurikularrentzako konektorearena, pantailak telefonoaren aurrealde osoa okupatzeko lehia, eta haren ondorioz kamerak, sentsoreak eta botoiak ordezkatzeko egin beharreko malabarismo teknologiko konplexuak, pantaila malguak, telefono eta meheenak merkaturatzeko norgehiagoka, haren izenean baterien segurtasuna kolokan jarri eta sakelakoak lehergailu potentzial bilakatu arte… Guztia moloigarritasunaren izenean.

Baina, ai! Natura tematia da, eta azken boladan badirudi moloigarritasunak fisikaren legeetan aurkitu duela haien arerio mortala. Egunotan asko komentatzen ari da nola Applek, moloigarritasunaren amandre erabatekoak, uko egin behar izan dion duela bi urtetik iragartzen dabilen ‘AirPower’ haririk gabeko kargagailuari. Eskuko gailu txikiak haririk gabe kargatzeko alfonbratxo moduko bat atera nahi zuen, oso bere estiloan: beste edozein baino makina bat aldiz meheagoa, eta gainera konexio puntuz josita, gailuaren kargatze gunearen bila ibili beharrik ez izateko.

Produktuaren merkaturatzea hainbat aldiz atzeratu ondoren, ditxosozko kargagailu ultramehearen garapena bertan behera utzi behar izan dute. Fisika madarikatua! Urtebete baino gehiagoren ostean, Appleren ingeniariek ez dute modurik topatu halako kargagailu zapal eta mehe bat arrautzak frijitzeko beste berotu ez dadin, haren barrutik argindarra pasatzen hastean.

Baina ez pentsa Apple denik moloigarritasunaren mugekin arazoak izaten ari den bakarra. Asmakizun moloiak iragartzen aditua den Tesla etxeak ere bi ezusteko oso serio izan ditu azken egunotan. Hyperloop proiektua sinesgarritasuna galtzen ari da egun batetik bestera, konturatu ondoren hainbat kilometrotako tunel sareetatik aire guztia atera eta haren barruan pertsonak garraiatzeko kapsulak sartzea tranpa mortala dela. Bere autoen gidatze sistema autonomoak ere arazo larriak izan ditu egunotan, jakin denean nahikoa dela errepidean pegatina sinple batzuk jartzea gidatze sistema automatikoa nahastu eta, adibidez, autoa kontrako errailetik sartzea eragiteko.  Bat-batean, aditu batzuk zalantzan jartzen hasi dira orain arte munduko gauzarik ziurrenetakoa zen auto autonomoen etorrera.

Munduan ez dago gailu moloi bat baino gauza moloiagorik… baina badirudi esparru askotan moloigarritasunaren muga fisikoetara iristen ari garela. Eta, zer nahi duzue esatea, amorru apur bat ere ematen du, ezta?