Interneten erabiltzen ziren domeinuak .com, .net eta beste gutxi batzuk baino ez ziren garaian ohikoa zen domeinu-izenen erregistro defentsiboa egitea. Normalean, enpresa edo erakunde batek bere markaren barianteak erosi ohi zituen TLD desberdinetan, beste inork erabili ez zezan. Gaur egun, ordea, ia 1.500 TLD desberdin daudela merkatuan, nola babestu marka bat Interneten?
Ohiko bidea domeinu nagusi bat erabili eta erregistratutako barianteak bertara berbideratu edo zuzenean blokeatzea da. Hau egiteko arrazoi nagusiak bi izaten dira: konpetentziak marka ez lapurtzea, eta cybersquatting kasuak ekiditea. Hauteskunde garaian oso ohikoa da politikarien izenak erregistratzea domeinu nagusietan, inorkInternet balia ez dezan aurkako mezuak zabaldu edo kontrakanpaina egiteko.
TLD berriak iristearekin batera, egoera zaildu egin da ordea. Interneten izen bat babesteko, zenbat domeinu desberdin erregistratu behar dira? Esaterako, Euskadi.eus domeinu nagusia duen Eusko Jaurlaritzak, Euskadi markarentzat .com, .net, .es eta zenbat domeinu gehiago erosi behar ditu, nahiz eta publikoki beti .eus erabili? Erabakia ez da erraza, baina garesti atera daiteke hau ez egitea.
Marka komertzialentzat, egoera are zailagoa da, egoera honi etekin komertziala ateratzea aurreikusi duten TLDak ere sortu direlako. Esaterako, .SUCKS izeneko domeinua sortu da, hain zuzen ere marken aurkako webak bideratzeko, edo marken babes beharrak ustiatzeko. Applek ez du apple.sucks helburu komertzialetarako erabiliko, baina ziur egon Applek domeinu hori modu defentsiboan erosiko duela beste inork bere kalterako erabili ez dezan, markaren babes moduan.
Nola babestu gure marka
Gure inguruko marka txikien kasuan .sucks bezalako domeinuek ez dute arriskurik suposatzen, eta ez dago Interneten sortu diren TLD guztiak eta markaren aldaera posible guztiak erregistratzen ibili beharrik. Baina bai komeni da babes neurri gutxi batzuk hartzea. Egokiena da domeinu nagusia zein izango den erabaki (adibidez domeinua.eus), eta horren aldaera nagusiak (domeinua.com eta domeinua.net esaterako) erregistratu eta nagusira berbideratzea. Hau egitea nahikoa izan daiteke arazorik ez izateko.
Hala ere, marka handiagoek TLD berriak ere nahiko dituzte kontuan hartu, horrek zerrenda asko handitu arren. Horretarako, ICANNen Trademark Clearinghouse enpresak TREx izeneko zerbitzua sortu du. Zerbitzu honi esker, urtean diru-kopuru mugatu baten truke gTLD berrien multzo batean zure marka babestuta geldituko da, baina ezingo da aktibatu ezta berbideratu ere. Zerbitzu honen abantaila nabarmena da: diru-kopuru mugatu batekin TLD ugaritan babesten da marka aldi berean.
Interneten gure marka babesteak kosteak ditu, domeinu bat baino gehiago erregistratzera edo TREx bezalako zerbitzuak kontratatzera behartzen gaituelako, baina kontuan izan gure marka Interneten ez babestearen kostea askoz handiagoa izan daitekeela.