Gaur egun, sareak gure bizitzan duen presentzia kontuan izanda, espero izatekoa da denok ongi ezagutzea Interneti buruzko oinarrizko kontzeptuak, baina ez da horrela. Zabaldu berri duten inkesta baten emaitzak frogatu du Interneti buruz uste baino gutxiago dakigula.
Public Interest Registry, .org domeinuaren kudeaketaz arduratzen den erakundeak Estatu Batuetako Interneteko mila erabiltzaileren artean Internet101 izeneko inkesta egin zuen iaz, Interneti buruz duten ezagutza-maila ezagutu asmoz. Inkestako parte-hartzaileen %84k Interneti buruzko jakintza ona izatea adierazi zuten, baina errealitatea eta pertzepzioaren arteko diferentzia nabarmen gelditu da inkestaren emaitzan. Adibidez:
- Erantzuleen %20k baino ez zekien World Wide Web eta Internet ez direla gauza bera.
- HTTPren esanahi zuzena %29k baino ez du asmatu, eta beste %31k esanahia zein den ez dakiela onartu du.
- Inkesta bete dutenen artean %68k ez zekien World Wide Web zein hamarkadatan asmatu zen.
- Parte-hartzaileen %31k definitu zuen DNSa behar bezala.
- Parte-hartzaileen erdiak baino gutxiagok zekien HTTPS dela informazio pertsonala partekatzeko protokolo seguruena.
Galderatan agertzen diren kontzeptu guztiak Interneten funtzionamenduaren oinarrian daude, eta egunero agertzen zaizkigu nabigatzailea zabaldu orduko, baina egia da oso ohikoak izan arren gehienok ez dakigula zehazki zer esan nahi duten.
Eta zuk, badakizu zein den hauen esanahia? Zure burua probatu nahi izanez gero, hemen dago galdetegia betetzeko prest. Baina ez baduzu asmatzen, lasai, artikulu honen amaieran emaitzak laburtzen dituen infografian ikusiko duzun moduan hori da gehiengoaren egoera.
Dena dela, Interneti buruz asko dago ezagutzeko, eta inkestaren oinarrian dauden galderak kontuan hartuta, hona hemen oinarrizko datu batzuk:
- Azken datuen arabera munduko herritarren %51k du Internetera sarbidea.
- World Wide Web kontzeptua Tim Berners-Leek asmatu zuen 1989. urtean, “Information Management: A Proposal.” izeneko paperean horren berri emanez lehen aldiz.
- Edozein webguneren hasieran agertzen den HTTP horrek Hypertext Transfer Protocol esan nahi du, eta hori da nabigatzailea eta webgunearen arteko komunikaziorako erabiltzen den estandarra.
- Aldiz, webgune bat HTTPS moduan hasten bada web hori segurua dela esan nahi du. Amaierako S horrek adierazten du nabigatzailea eta webgunearen arteko komunikazioa enkriptatuta dagoela.
- HTML da webguneak garatzeko erabiltzen den oinarrizko lengoaia, baina web garapenean beste hainbat lengoaia erabiltzen dira (PHP, Java, Python, etab.).
- Internet ez du inork kudeatzen (teorian), baina egunerokoan ICANN da Interneteko protokoloak eta domeinu-sistema kudeatzen dituen erakundea. .EUS domeinua ere haien menpe dago.
- Webgune bat sortzeko, domeinu-izen bat erosi behar diozu erregistratzaile bati. Eta noski, .EUS izan dadila 😉
Orain inkesta betetzeko prest zaude!