Gaur jarri da abian Europako Batzordearen Datuen Babeserako araudi berria, eta horrek eragin zuzena du domeinuen titularren datuengan. Azken orduan ICANNek irizpide aldaketa onartu du, eta ondorioa garrantzitsua da .EUS domeinuaren erabiltzaileentzat: aurrerantzean datu guztiak pribatuak izango dira.

Badira bi urte PuntuEUS Fundaziotik ICANNekin eta Datuen Babeserako agentziekin harremanak izaten ari garela, .EUS domeinuaren titularren datuak babestu asmoz. Orain arte, ICANNek ezarritako irizpideen arabera domeinu generiko baten titularraren datuak publiko egin behar dira Whois sistemaren bidez, eta guk .EUSen kasuan hori aldatu nahi genuen, gure erabiltzaileen pribatutasuna babestu asmoz.

Whois zerbitzua ICANNek kudeatzen du eta bertan domeinuen titularren harremanetarako datuak argitaratzen dira, beste hainbat datu teknikorekin batera. Domeinu baten jabea nor den jakin nahi izanez gero, Interneten argitaratutako Whois bilaketa zerbitzuen bidez kontsulta daiteke grafikan azaltzen den moduan:

Orain arte, TLD generiko guztien datuak publiko egiten ziren sistema honen bidez. Ondorioz, erabiltzaile batek bere datuak babestu nahi izanez gero, erregistradorearekin kontratatu behar izaten zuen Whois Privacy izeneko zerbitzu osagarri bat, bere datuak publiko ez egiteagatik ordainduz.

PuntuEUS Fundazioan hasieratik ahalegindu gara .EUS domeinuaren titularren datuak babesten. ICANNekin hitz eginda berariazko pribatutasun sistema bat proposatu genion, eta horretarako Datuen Babeserako erakundeen onespena eskatu ziguten. Datuak Babesteko Euskal Bulegoarekin lankidetzan txostena prestatu eta AEPDn ere egin genituen bilerak gaia aztertzeko, baina bitartean Europako Batzordearen araudi berria iritsi zen, eta honek egoera irauli du.

 

Titularren datuak .EUSekin babestuta

Araudi berria iritsi zenetik Europan kokatuta gauden TLDek ICANNi erreklamatu diogu araudia betetzeko bidea ematea, hau da, Whois zerbitzuko datuak pribatizatzeko baimena. Azkenik, joan den maiatzaren 17an ICANNek GDPR araudia betetzeko ebazpena onartu zuen.

Ondorioz, aurrerantzean .EUS domeinuaren titularren datu guztiak babestuta agertuko dira Whois zerbitzuetan. Inork domeinu baten titularrarekin harremanetan jarri behar izanez gero gure bitartez egin beharko du, horretarako argitaratu dugun inprimakia erabiliz. Europatik kanpo dauden domeinuek (.COM, .NET edo .ORG bezalakoek) ez dute araudi hau bete beharko, eta ondorioz titularren informazio pertsonal guztia argitaratzen jarraituko dute. Ikusi esaterako Berriaren datuak nola agertzen diren Berria.info eta Berria.eus domeinuak Whois zerbitzuetan kontsultatuta:

PuntuEUS Fundazioan erregistro arduratsua izateaz harro gaude, gure erabiltzaileen segurtasunari eta domeinuaren kalitateari garrantzitsua ematen diogu, eta horren alde lanean jarraituko dugu aurrerantzean ere.