Batzuetan batek jada ez daki hobe den gauzak jakin ala ezjakintasunean bizi. Koronabirus ditxosoa dela eta ez dela areagotu egin da norberaren datuen pribatutasunaren inguruko kezka, eta eztabaida oso interesgarri eta mamitsuak topa daitezke sarean, non ote dagoen oreka puntua osasun publikoa babesteko jaso beharreko informazioaren eta bakoitzaren intimitatea gordetzeko eskubidearen artean. Emaitza edozein dela ere, eztabaida gutxienez izatea beharrezkoa eta interesgarria da, zalantzarik gabe.

Baina eztabaida horietan murgilduta gaudela, noizean behin iristen da errealitate-zaplazteko bat, dena kolokan jartzen duena. Hara non iragarri duten, Israelgo Ben-Gurion Unibertsitatean, metodo bat topatu dutela edozein gelatan gertatzen den elkarrizketa bat urrutitik entzuteko, zer eta teleskopio bat eta sentsore optiko sinple-sinple bat erabilita.

Israelgo ikertzaileak konturatu dira soinu uhinen dardara erraz sama sumatu daitekeela argiztatzeko bonbillen gainazalean. Edozein gelatan dagoen bonbilla bat teleskopio batekin enfokatu, haren gainazala ondo ikusteko moduan, bereizmen handiko sentsore bati pasa irudia zuzenean, eta algoritmo baten bidez, sentsorea gauza da gela hartako soinua erreproduzitzeko. Halako fideltasunaz non posible den gela horretan entzuten ari den musika Shazam aplikazioaren bidez identifikatzea, edota ahozko elkarrizketa bat Google Assistant bidez osorik transkribatzea. 100 metrora. 

Ez dakit zer den kezkagarriagoa, aurkikuntza hau bera, ala bideo horretan nola azaltzen den, munduko naturaltasun guztiarekin, badirela beste metodo asko besteren elkarrizketak urrutitik entzuteko, baina rollo bat direla lan asko eskatzen dutelako…