COVID-19aren ondorioz bizi behar izan dugun garaiak aurrerapen teknologiko bat suposatu duela dioten ahotsak asko dira. Hala ere, aurrerapen hori ez da eman teknologiaren beraren garapenean, beronen erabileran baizik. Harreman pertsonalak, lana, aisialdia, etab. teknologia erabiliz gauzatu behar izan ditugu eta, horrek, lehenagotik garatuta zegoen teknologiaren hartze masibo bat eragin du. Aditu batzuk diote 6 astean egin dugula berez 3-4 urte beharko lituzkeen prozesu bat; baina horrek dituen arriskuak eta ondorioak ere aipatzen dituzte aditu horiek berek. Arrisku horien inguruan luze hitz egin bagenezake ere, interneten erabilera hazi egin den garai honetan, gure datuen jabetzaz eta identitate digitalaz hitz egitera mugatuko gara artikulu honetan., indartzen ari den tendentzi berri bat ere aipatuz.

Gaur eguneko interneteko aplikazio gehienek “arazo” bat dute: aplikazio edo webgune horien jabeak dira sortzen ditugun datu guztien jabe. Interneten, edozein tresnaren jabek berau monitorizatzen du,  erabiltzaile bakoitzak tresna horren zein erabilera egiten duen eta bakoitzaren datuak gordez. Datu horietatik osatzen da gure identitate digitala; izan ere, identitate digitala interneten sortu eta uzten dugun arrastoa baita.

Gaur egun ordea, arrasto hori sakabanatuta aurkitzen da. Azken finean, erabiltzen ditugun webgune eta tresna ezberdinak enpresa desberdinenak dira eta, ondorioz, enpresa horietako bakoitzak gure datuen eta identitate digitalaren parte bat soilik du. Hala ere, azken urteetan interneten erabilera errazteko asmoz, behin eta berriz kontu berriak sortu beharrean, Facebook eta Googleko gure kontuak erabili izan ditugu, esaterako. Ondorioz, enpresa handi horiek gure interneteko aktibitatearen puska handi baten jakitun dira, gure identitate digitalaren parte baten jabe bilakatuz.

Printzipioz, erabiltzaileen datuen erabilera komertziala egitea debekatuta dute. Hala ere, nahiz eta ezin duten datu horien erabilera egin, nork ez du gogoratzen Facebookek izandako ustelkeria kasua AEBko hauteskunde testuinguruan enpresa batek Facebookeko erabiltzaileen datuak erabiltzeagatik? Edo zenbat aldiz entzun izan dugu sare sozialek gure datuen erabilera egiten dutela gure iritzia baldintzatzeko?

Hori dela eta, azken urteetan, erabiltzaileen eskubideen eta datuen burujabetzaren aldeko posizioa indartu egin da, identitate burujabearen (SSI – Self-Sovereign identity) kontzeptuari bide emanez. Erabiltzaile bakoitzak sarean sortzen duen aktibitatea eta bere datuen inguruko kontrol eta erabilera, pertsona bakoitzaren esku egon beharko litzatekeela aldarrikatzen da eta, gaur egun, asko dira horretan lanean ari diren entitate esanguratsuak, W3C esaterako. Erabiltzaile bakoitzak izan behar du bere datuen jabe, norekin partekatzen dituen erabakitzeko askatasun osoa izanez. Nork bere datuak gordetzea eta kudeatzea litzateke helburu, identitate digital burujabea lortzeraino.

 

Blockchain: una Revolución en los Registros de Identidad