PCarenak egin du. Portatilenarenak ere bai?

PCarenak egin du. Akabo. Agur esan gure mahai gainak (edota mahai azpiak, zenbait kasutan) bete dituzten kaxa handi horiei, beraien egunak zenbatuta baitaude. Enpresaren batek edo bestek gordeko ditu zenbait urtez, garai hobeagoen ikur bailira, “kalkulu asko egin ditzaketelako”. Normala da: dinosaurioak ere ez ziren egun batetik bestera desagertu.

PCen salmentak hiruhilabeteko argitaratzen dituzte. 2011an gailurra jo zutenetik (110 milioi PC saldu ziren urteko lehen hiru hilabetetan) zenbakiek behera egin dute gaur egun erdia izan arte (57 milioi inguru izan dira aurten). Joerak beherantz jarraitzen du, eta inork ez dio amaierarik ikusten.

Hori gutxi ez balitz, gero eta ohikoagoa da marka handiek pantaila eta teklatuetara konektatu daitezkeen mugikorrak aurkeztea. Azken finean, jende askok darabilen mugikorra beraien PC zaharrak edota ordenagailu eramangarriak baino potentzia handiagoa du. Benetan uste duzue zuen eramangarriak iPhone Xak baino prozesagailu hobea duela? Samsung S10a ez dela zuen eramangarria baino azkarragoa? Froga ezazue…

“Hori egia izan daiteke, baina kalkulu boteretsuak egiteko ez dira nahiko” esango dute zenbaitek. Lasai, horretarako dago cloud computing-a, hots, kalkuluak urruneko zerbitzari batean egin eta gurean bakarrik emaitzak ikustearena. “Baina segurtasuna…” Segurtasuna  inoiz ez da oztopo izan ezertarako. Dena konponduko da. Duela urte batzuk inork ez zuen pentsatuko enpresa baten informazioa disko lokal batean beharrean Drive edota Dropbox modukoetan gordeko genuenik, edota Googlek gordeko zituenik gure email guztiak.

Etorkizuna honelakoa izango da lanpostu askotan: zure mugikorrarekin helduko zara; eseri eta karga inalanbrikoko oinarri batean utziko duzu mugikorra; pantaila eta teklatua automatikoki konektatuko zaizkio (bluetooth bidez, ziurrenik), eta agian aurikularrak ere bai. Arratoia, baita. Eta aurrera, lanera. Ez duzu beste telefonorik izango, jadanik telefonoa baduzu eta; agian 2 SIM ezberdin izango ditu aparatuak, zure linea pribatua eta lanekoa bereizteko. SIM horiek, bide batez, ez dira telefonoan egongo, birtualak izango dira. Amaitutakoan, mugikorra lekutik kendu eta etxera.

Etxera heltzean ere mugikorrari agindua eman eta zure gustoko telesail edota musika saioa agertuko dira telebistan (tira, edo etxeko pantailan) edota musika entzuteko gailuan.

Hori hala bada, zertarako PC bat?

Eta hurrengo galdera ere laster etorriko da: orduan, zertarako ordenagailu eramangarri bat?

Aurreko bidalketa

PODCAST. Arrasto digitalarekin jokatzen

Hurrengo bidalketa

[PODCAST] Sare sozialetako profilak

Egilea

Arantxa Manterola

Arantxa Manterola

@iam_amanterola
Informatikako Ingenieritza ikasi nuen Mondragon Unibertsitatean. Orain MUko ingenieritza fakultateko Informazio Sistemen arloko koordinatzailea naiz. Gaur egun informatika kudeatzaile lanetan ibili arren, tekniko mundua ahaztu ez dezadan laguntza eta bultzada jasotzen dut.

4 Comments

  1. apirila 25, 2019 at 9:51 pm — Erantzun

    Kaixo, Arantxa:

    Froga ordez, proba esan nahi zenuela suposatzen dut. Arratoi ordez, sagu esan nahiko zenuen. Dinosauroen alderaketa ez zait aproposena iruditu, ez baitziren gutxi-gutxika ordezktuak izan PCak bezala, egun batetik bestera gehienak desagertu baitziren eta beste animalia mota batzuek beraiek utzitako hutsune erraldoi hori betetzeari ekin zioten gutxi-gutxika.

    Txikikeria horiek alde batera utzita, artikulua arroxa kolorez tintatua balego bezala iruditu zait; baikorregia edo begitandu zait. Informatika ikasten ari diren gazteek agian ez zuten biziko baina, nire iritziz, PC eta ordenagailu klonikoen garaia txit irekia eta sortzailea izan da. Informatikaren aztapenetan erabiltzaileek lehen joko, kalkulu-orri eta txat sistemak asmatu zituzten. Hardwarea eta softwarea hautatzeko konbinketak ia amaigabeak ziren eta jendea bere kabuz eta bere erara biltzen eta antolatzen zen, modu autonomoan. Garai hori, aukera guzti horiek, desagertzen ari dira. Orain ez da (ia) posible segapoto bat erabiltzea hainbat enpresa erraldoiri gure intimitatea oparitu gabe. Telefono berrienek ez dute ezta bateria kentzeko aukerarik ere… Aipatzen dituzun “hodei” horiek korporazioek eskaintzen dituzte, dirutruk, edo okerrago, “datutruk”. Gazteak produktu bilakatzen dira teknologia aurreratu eta algoritmizatu guzti horiek ezagutu eta batera, eta gauzak beste era batera izan litezkeela, izan zirela, jakin beharko luketela uste dut. Erosotasuna saldu ordez (hori berez saltzen da), askatasuna, burujabetza, jakinmina eta sormena irakatsi beharko geniekela uste dut, esperantzatik jakina, baina kritikotasunez. Hori uste dut nik behintzat. Zuk ere horrela ikusten duzu?

    • Arantxa Manterola
      maiatza 1, 2019 at 7:24 pm — Erantzun

      Kaixo!
      Lehenik eta behin, milesker irakurtzearren eta zuzenketak proposatzearren! Eskertzekoak biak!
      Aipatzen duzun gai nagusiaren inguruan: bai, ziurrenik arrazoi duzu eta hobe litzateke denok Tor erabiliko bagenu (edo gutxienez Firefox edo Phoenix), Ubuntu balitz sistema eragile nagusia, Netflix beharrean ETB ikusiko bagenu, goitizenak beharrean Sareetan gure benetazko izena agertuko balitz eta Fairphone-ak soilik erosiko bagenitu. Tamalez ez da horrela, eta ni ez naiz inor hobea zer den esateko edota besteei zer egin behar duten adierazteko. Horregatik idatzitakoek errealitate bat islatu nahi duten, besterik ez. Edo nik aurreikusten dudan zerbait behintzat. Gertatuko den ala ez, denborak esango. Baina hau blog bat da, ez aldizkari espezializatua, eta horrelako baimenak ondo egon daitezke!
      Bestelakoei buruz: ez dakit dinosaurioak minutu batean edota 10 urtetan desagertu ziren, baina ulertu nahi duenak ulertuko du. Erraza da, azken finean. Akats bakarra, agian, horren konparaketa xumea erabiltzea izan da: ez naiz oso orijinala, badakit! Saiatuko hurrengotan. Bitartean froga eta proba artean jarraituko dut…
      Hala ere, ulertu nahi duenak ere doinua ulertuko du: irakurterraza. Hori zen helburua. Bakoitzak modu ezberdin batean ikusiko du hori: suposatzen dut zuretzat “arroxa” izango dela (nahiz eta agian norbaitek hizkera sexista aurkitu dezakeen hitz horretan; bakoitzak modu ezberdin batean ikusiko du hori ere).
      Azkenik: mouse-ari arratoi deitzen jarraituko dut. Eta touchpad-ari touchpad, eta right-click-ari eskubi-klik eta horrelako hainbeste. Batzutan ondo (denek ulertuko nautelako), bestetan hobeto (arau ezkuturen bat beteko dudalako), eta zeinbaitetan ezin hobeto: beharrezkoak duten hitzak sortuko ditut behar ditudan heinean!

  2. Harri
    apirila 30, 2019 at 9:36 am — Erantzun

    Sagu eta proba. Oso ondo, Txopi!

    Eta zer da AZTAPEN? Ez da bada HASTAPENETAN izango?

  3. Langar
    maiatza 13, 2019 at 9:12 am — Erantzun

    Ez dakit zergatik daukagun horrelako beharra gainontzekoen iritziak/adibideak/metaforak baloratzeko. Edozein kasutan, komeni da astakeriaren bat bota aurretik pixka bat informatzea. Zientzialarien artean onarpen handiena duten teorien arabera, artikuluaren idazleak ongi dioen bezala, dinosauroak ez ziren egun batetik bestera desagertu. Dozenaka mila urte iraun zuen prozesu bat izan zen (http://www.cubadebate.cu/noticias/2014/02/12/la-extension-de-los-dinosaurios-ocurrio-en-menos-tiempo-del-pensado).

    Bestalde, idazleak erabili duen testuinguruan, “frogatu” ongi erabilia dago. Elhuyar hiztegiaren arabera, frogatu terminoak bi adiera ditu, eta horietako bat probatzearen parekoa da.

Utzi erantzun bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude