Joan zen astean nire bikoteak txio bat erakutsi zidan Strava aplikazioari buruz. Ez dakit Strava ezagutzen duzuen, baina nik egun horretara arte entzun ere ez nuen egin.

Strava aplikazio komun horietarikoa da: entrenamendu saio, korrikaldi, ibilaldi edo dena delakoa grabatu eta sare sozial bat bailitzan elkarbanatzeko balio du. Horrela, beste sare sozial askotan bezala, bakoitzaren lagunekin edo jarraitzaileekin zure esperientzia elkarbanatu dezakezu. Nik Wikiloc erabiltzen dut horretarako, eta ziur zuetariko batzuk beste baten bat ezagutuko duzuela.

Ezer berririk ez orain arte.

Kontua da Strava ez dela ospetsu bilakatu besteak baino hobeagoa delako, ez. Datuak sozializatzearen alderdi ilunenak ekarri du berrietara: erabiltzaile (ia) guztien ibilbideak ikusgarri jarri dituzte. Errepikatzen direnak gainjarri eta bero mapa moduko bat ere osatu dute. “Tira” pentsatuko duzu zuk agian, “horretarako igo dituzte, ezta? Besteek ikusiak izateko”.

Ba ez: erabiltzaile askok ez zekien aukera hori baimendu zutela ibilbideak igotzerakoan. XXI. mendeko gezur horretan denok onartzen dugun zerbait da: “irakurri eta ulertu ditut erabiltzeko baldintzak” erraz klikatzen dugu, ezta?

Hala ere, ziurrenik beste zerbait ere pentsatuko duzu: “eta nori axola dio ni nondik noan?” Nik neuk ere sarri pentsatu dut hori: nire bizitza ez da oso interesgarria, nondik nora nabilen norbaitek jakin nahi badu sorpresa triste bat eramango du.

Strava-ren arazoa zenbait militarrek erabili dutelako etorri da. Base militarrak agerian geratu dira; Google Maps-en zentsuratuta dauden posizioak detektatu ahal izan dira; patruilen ibilbideak munduari zabaldu zaizkio; Pakistanen zegoen militar bat bere Frantziako etxera arte jarraitzeko aukera eskaini du informazioak! Non bizi den jakin daiteke!!

“Afganistan, Iran, Errusian edo auskalo non gertatzen direnak bai dira serioak, baina niri bost…” pentsatuko duzu agian.

Zure ibilbideak ezagunak badira zure etxea hutsik noiz dagoen jakin daiteke, edota nondik pasako zaren (baita ze ordutan ere, zenbait kasutan). Gauza ankerretarako erabili daiteke informazio hori, edota publizitatea jarri dezakete espresuki zuretzat “zure” lekuetan. Egunero pasatzen dituzun denden ingurukoak bete ditzakete zure mugikor, sare sozial, email eta bestelakoak. Publizitate pertsonalizatua deritzote batzuk horri, spam besteek.

Okerrena informazio horrekin zer egin daitekeen burutik pasa ere ez zaigula egiten sarri. Zenbaitek diote osasun-aseguruak halakoen menpe egongo direla etorkizunean: auskalo!

Zer egin dezakegu arazo hauen aurrean? Nagusiki, aplikazioaren pribatutasuna ondo konfiguratu eta kontu izan zer aukeratzen dugun eta zer ez. Bestalde, sare sozialetan argitaratzen dugun guztia, ia ez dela gurea bakarrik, publiko bihurtzen dela ez ahaztu. Beste behingoz, informazioa da garrantzitsuena, ez dugu egiten ari garenaren iparra galdu behar: gure informazioa enpresa bati ematen ari gatzaizkio.

Txioa irakurri nahi baldin baduzue.