Atzera begira jarri ezkero, saretik eduki multimedia ezberdinak eskuratzeko bideak asko aldatu direla ezin dugu ukatu. Non geratu ote dira eMule edo Ares programen garaiak? Ordenagailua gau eta egun piztuta genituen urte horiek, munduko beste puntu bateko ordenagailu bateko disko gogor bateko bideo zatitxo bat eskuratu ahal izateko. Konexio motelen aro hura, bideoak behera jaitsi eta fitxategi okerra zela konturatzen gineneko garaia. Bereizmen txarren momentu hura, screener kalitatearen garaia. Hau zen musika, telesailak edo film luzeak lortzeko bide ezagunena, hauek online gozatzeko aukera urrun baitzegoen oraindik.

Garai hartan ezagutu nuen Euskal Encodings webgunea, euskarazko edukiak batu eta elkarbanatzeko aukera eskaintzen zuen ataria. Bertatik eskuratu ahal izan nituen, gazte garaian ezagutu nituen milaka eta milaka eduki. Gure hizkuntz txiki handiko eduki multimediak lortzeko bide bakarra zen atari hura.

Baina azken asteetan beste aurrera pausu bat eman dute, duela gutxi Argia saria lortu duten Euskal Encodingseko lagunek, edukiak YouTubera igotzen hasi baitira. Deskargatu eta eskuratzeko garaiak atzean utzi, eta online eta nahieran kontsumitzeko aukera jarri baitute.  Lehen eskaintzen zuten zerbitzua eguneratu egin dutela esan daiteke.

Edukien jabeen eskubideekin arazoak eduki ditzakete eta horren jakitun dira, bai eta YouTube atariak dituen mugez ere. Hala ere aurrera jarraitzeko autua egin dute, eta gaur gaurkoz ehunka kapitulu kontsumitu ditzakegu bideo webgunean, haien lanari esker.

Onartu beharra daukat, nostalgiko hutsa naiz eta garai bateko telesailak ikustea asko gustatzen zait. Eta hauek ni baino gazteagoekin elkarbanatzeko aukera badut, primeran! Hala egin dut azken egunetan, ilobekin “Txef txikia” ikusteko beta izan baitut. Beste inon aurkitu ezin izan dudan eduki hori YouTuben ikusi ahal izan dut, erraz, eta gailu arrunt batean.

Hala ere hausnarketa eskatzen duen gaia dela iruditzen zait. Euskarazko edukien eskuragarritasunaren inguruan hitz egin beharra baitago, bai eta hauek sistema estandar batean kontsumitzeko aukeraz ere. Eta noski egile eskubideak bermatuz.

Eduki gehiago behar ditugu, euskarazko eduki gehiago behar ditugu. Utopia hau lortu bitartean, esku artean dugunaz disfrutatu beharko dugu.