Lehengoan tutorial txiki bat argitaratu nuen nire blogean, Windows 11 euskaraz nola jarri azalduz. Sarrera hori sare sozialetan bonbo apur bat emateko moduen bila, bururatu zitzaidan aukera ona izan zitekeela blogeko trafiko estatistikak aztertzea, ikusteko nire bisitarietatik zenbatek duten nabigatzailea euskaraz konfiguratuta. Edo bestela esanda, euskarazko blog baten bisitarietatik zenbat identifikatu diren euskaldun gisa zerbitzariaren aurrean.

 

Ez zen ideia ona izan. 2017ko urtarriletik honako trafiko guztia kontuan hartuta,  %16era ere ez da iritsi softwarea euskaraz konfiguratuta daukaten erabiltzaileen bisitak. Saio gehienak gazteleraz izan dira, eta zati handi bat ere ingelesez.

Tira –esan nion neure buruari- blogak oso trafiko txikia du, eta oso litekeena da Estatu Batuetatik datozen indexatzaile eta roboten bisitek estatistikak desitxuratzea. Bada, ez: Google Analyticsen arabera behintzat, aipatutako denbora horretan blogak jasotako bisiten %58,8 Euskal Herritik egin ziren. Hots: euskarazko blogaren irakurleen %40 inguru Euskal Herritik erdaraz nabigatzen duten erabiltzaileenak dira.

Trafiko txikiak eragin dezakeen distortsioarekin kezkatuta, mangak jaso eta laneko datuekin hasi nintzen bueltaka. Alferrik! Euskarazko toki komunikabideak batzen dituen TOKIKOMeko webguneen datuak ere ez dira hobeak. 2022ko otsaileko lehen erdian, 280.000 erabiltzaile ingurutik %10era ez da iristen softwarea euskaraz dutenen portzentaia: 27.700 gailu, gutxi gorabehera. Hortik aurrera, 250.000 lagun inguru, euskara hutsezko komunikabideak erdaraz konfiguratutako gailuetatik kontsumitzen dituztenak. Pozteko moduko zantzuren bat ere bai, zorionez: 2020tik 2022ra bitarte ia %2 hazi da euskaraz konfiguratutako gailuetatik jasotako trafikoa. Ez da datu txikia, termino absolutuetan trafikoa asko hazi delako pandemiaren eraginez.

 

 

Lagunekin honi buruz hitz egiten dudanean, badira huts egin gabe lehenago ala geroago agertzen diren azalpenak: “informatika euskaraz are zailagoa da ulertzen”, “telefonoa euskaraz konfiguratuz gero gauza asko ingelesez agertzen dira”, “ez nago oso ohituta”… Pantailak euskaraz jartzeko eskatzen ari gatzaizkio munduko beste puntan sortutako ikus-entzunezko plataformei, eta guk geure pantailak ere ez ditugu euskaratzen horretarako aukera esku-eskura izanda ere!

 

Hartu tartetxo bat eta euskaratu zure gailuak, ez da hain zaila, benetan! Hemen jarraibide zerrenda erabilgarri bat. Animatu!