Gogoan dut nire lehen bidaia luzea. Ingelesa ikasteko asmoz, Irlandara bidali ninduten.  12 urte besterik ez nituenez, gurasoei ez zitzaien burutik pasa ere egin kreditu txartel bat behar izango nuenik. Horregatik hilabete batean behar izango nuen dirua, kolore marroia zuten paperezko karta azaletan eman zidaten. 4 aste, 4 kartazal. Honez gain praken barru aldean zintzilik zihoan larruzko kartera bat ere soinean eraman nuen. Eta hau gutxi balitz, nire buruan, behin eta berriz hitz hauek entzuten nituen: “Xabier, kontuz ibili! Ondo gorde dirua!”.

Urte gutxi batzuk pasa dira ordutik, eta lerro hauek idazten nabilen momentuan, garai hauek zein urrun geratu diren ohartu naiz. Kreditu txartelak hedatuago daude gaur egun, mugikorrak ere nonahi ikusten dira, eta horrekin batera baita BIZUM bat egin edo jasotzeko aukera ere. Eta hau dena gutxi balitz, erloju adimentsuekin salerosketak egiteko sistema ere hortxe dugu. Dirua xahutzeko bide azkar eta eraginkorrak denak.

Zer gertatu da? Non geratu da, dirua ongi gorde eta babesteko sen hori? Niri Irlandan kartazala galdu ezkero…. adio diru guztia. Gaur egun ordea txartela galdu edo erlojua lapurtu ezkero, nahikoa dugu banketxeko APP-ean edo web atarian hauek desaktibatzearekin. Soinean dirua eramatea zer den ahazten ari zaigu. Bai eta honekin batera esku artean diru hori edukitzearen ardura zer den ere.

Contactless txartelak agertu zirenean, buruko min eta beldur dezente izan genuen, ingurura gerturatzen zen orok datafono batekin dirua momentuan lapurtzeko gai izango zela pentsatzen genuelako. Eta gaur egun… goxoki denda bateko 3 txikikeri ere ordainketa mota honen bidez egiten dugu.

Denbora gutxian, eta “teknologia berriei” (dagoeneko ez hain berriak) esker, dirua beste modu batera kudeatzen dugu. Beldur gutxiagorekin egiten ditugu eguneroko ordainketak. Baina ordainketa horiek errazago egitearen benetako ordainketa, elkarbanatzen dugun informazio guztian dago. Kudeaketa egokia erraztu badute ere, gure pausu guztiak erregistratuta ere geratzen dira. Gure ekonomiaren joan etorri guztiak jasota daude.

Garai batean soinean genuen dirua galtzeak arduratzen gintuen, gaur egun ordainketak baino, salerosketa egiterakoan sortzen dugun informazioak kezkatu beharko gintuzke. Edo behintzat, lehen kartera beteta eramateak gugan sortzen zuen sentsazioa gaur eguneko bizitzara ekarri beharko genuke.