Ziurtagiri Berde Digitala: etorkizunean bidaiatzeko tresna?

COVID-19ak sortutako egoera eta ondorio ezberdinak gainditzeko, asko izan dira teknologia erabiliz luzatu diren proposamenak. Artikulu honetan, eztabaida ugari sortu duen “Pasaporte Berdeaz” mintzo gara, Europar Batasunetik egin den proposamena aintzat hartuz: Ziurtagiri Berde Digitala.

Dena den, “Ziurtagiri” honen inguruan hitz egiten hasi baino lehen, teknologia erabiliz COVID-19ari “aurre” egiteko proposatu diren pare bat adibide zerrendatzen dira. Adibide hauek azaltzeak, teknologiak jokatu behar duen rolaren inguruko hausnarketa eragitea du helburu.

  • Iragarpenak: COVID-19ak izango duen bilakaerari loturiko iragarpen ugari egin dira inteligentzia artifizialeko teknika ezberdinak aplikatuz. Iragarpen horietako batzuekin asmatu egin da, beste batzuekin ordea, ez. Datuen egituraketaren arabera, algoritmo batek emaitza ezberdinak eman ditzake. Hori dela eta, ezezaguna zaigun egoera honetan, konplexuegia dirudi etorkizuna iragartzea.
  • Kontaktuen trazabilitatea: kutsatutako pertsona batek aurreko egunetan izan dituen kontaktuen arrastoa era automatikoan identifikatzeko gai diren aplikazioak garatu eta publikatu dira. Pertsonon pribatutasuna beti egon da eztabaidan eta, ondorioz, aplikazio bakoitzak arrakasta ezberdin bat izan du.
  • Txertoen jarraipena: txertaketa prozesua jarraitu eta, noiz eta zein txerto jartzea dagokigun jakiteko aukera ematen diguten proposamen ugari ere zabaldu dira.

Aipatutako horiek, teknologiak garai hauetan izan ditzakeen 3 adibide baino ez dira. Guztiek ala guztiek, eztabaida ugari sortu dute: teknologia nola erabili eta zein puntutaraino beharrezkoa den zalantzan jarriz. Guzti horiez gain, duela hilabete Europar Batzordeak argitaratutako “Ziurtagiri Berde Digitala” daukagu.

Kasu honetan, Europak argitalpen hori egin baino lehen, ugari izan dira aurretik ezagutarazi eta argitara eman diren ekimen eta proiektuak. Eztabaida puri-purian egon delarik azken hilabeteetan, bereziki, ikuspegi etiko batetik sor dezakeen diskriminazioa dela eta. Azken finean, hasiera batean “Pasaporte Berde” bezala izendatutakoak, txertatutako biztanleak pribilegiatutzat hartzen baitzituen, txertatu gabeak diskriminatuz. Europar Batasunean ordea, eskubide eta aukera bat da edozein txerto hartzea.

Ondorioz, hasieran “Pasaporte Berdea” izan behar zuenak, “Ziurtagiri Berde Digitala” bilakatu da: txertoaz gain, bestelako proben emaitzak ziurtatzeko balio nahi baitu ziurtagiri honek. Gaur egun ordea, ez daukazu ziurtagiri honen inguruko zehaztasun teknologikorik. Dena den, teknikoki, pertsonon osasun datu (proba edo txerto) konkretu batzuen sinadura digital bat izango dela dirudi. Ziurtagiri honen balioztatzea, gaur egun edozein sinadura digital balioztatzeko erabiltzen den mekanismoak erabiliz egingo delarik.

Hala ere, ziurtagiri hau noiz, nola eta zertarako erabiliko den argitu gabe dago. Hau da, ez dakigu bidaiatzeko derrigorrezkoa izango den edo ez (hala bazirudien ere hasiera baten), ezta nork igorri ahalko dituen ere. Hala ere, gaur egun aireportuetan paperean aurkeztu behar diren PCR emaitzak baino aurreratuagoa izango den sistema batez ari gara.

Epe laburrera Europak Batzordeak hartutako erabakia sinadura digitalean oinarritutako sistema baten garapena bada ere, badirudi luzera begira Europak bestelako apustua egiten duela. Teknologien aldeko hautuaren bideari jarraiki, hurrengo pausoa, W3Ck zehaztutako ziurtagiri egiaztagarrien erabilera izan daiteke. Adi jarraitu beharreko kontua izango da.