Pasa den astean Google-ek urte honetako berrikuntza harrigarrienetako bat aurkeztu zuen, robot batekin deiak egiteko tresna hain zuzen ere.  Tresna honek Google Duplex izena du eta udaran aterako dute.

Makina batek dei telefonikoak egitea ez da gauza berria, aspaldidanik jaso izan ditugu makina batetik egiten ziren aurre grabatutako deiak. Harrigarria dena, deia jasotzen duten pertsona hauek deitzen ziena robota zela somatu ez zutela da. Hizkera eta intonazioa pertsona batek egingo lukeena bezalakoak dira eta erantzuteko modua eta interakzioa guztiz perfektuak dira. Hori dela eta, deia jaso duten pertsonei ezinezkoa egiten zaie pertsona ala robota den identifikatzea.

Oraingoz, lekuen erreserbak egiteko entrenatuta dago, tresnak deep learning-a erabiltzen du nola jokatu behar duen ikasteko eta mota horretako milaka deiekin entrenatu da.

Tresnaren helburua egunero teleoperadoreekin egiten diren deiak automatizatzea da, automatikoak izan daitezkeen atazak pertsona batek ez egiteko eta tresna honen bitartez laguntzaile birtuala izateko aukera eskainiz.

Bideo honetan bere funtzionamenduaren adibideak ikusi daitezke eta tresna honek lortzen duen emaitza benetan harrigarria da:


Eragindako eztabaida

 Tresna hau Google-en zenbait urteko ikerketen ondorioa da eta lortutako emaitza teknikoki posiblea eta harrigarria da. Izan ere, hau lehenengo pausoa besterik ez da, teknologia honek aukera asko irekitzen ditu eta hemendik aurrera honekin aterako diren aplikazioak mugagabeak izan daitezke. Oraingoz erreserbak egiteko prestatuta dagoen arren, denbora kontua besterik ez da gero eta gauza gehiago egiteko ahalmena izatea.

Tresnak lortzen duen errealismoak eta deia jasotzen duen pertsonak robot ala pertsona batekin hitz egiten ari den ez jakiteak izugarrizko eztabaida sortu du. Askok deiaren hasieran deitzen ari dena robota dela esan beharko lukeela eskatzen dute, eta Google-ek ere onartu du orain arte erakutsitako probak besterik ez direla eta etorkizunean horrelako mezuak txertatuko dituela adierazi du.

Hala ere, teknologia honi atea ireki zaio eta hain etikoak ez diren gauzak egiteko ere erabili ahalko litzateke. Hemendik aurrera kontu handiz ibili beharko gara dei automatikoak jasotzen ditugunean, orain arte erraza zen grabazio batekin hitz egiten ari zinela konturatzea, baina gauzak urte batzutan asko aldatuko dira esparru honetan.

Pixkanaka pixkanaka pelikuletan ikusten ditugun mundu futurista horiek gerturatzen ari zaizkigula ematen du, eta nork daki egunen batean Westworld bezalako telesailetan azaltzen den eta orain guretzat pentsaezina den mundu hori biziko ote dugun ala ez. Gaur atzo baina gertuago bagaude behintzat.