Mugikorren eboluzioa hasieratik begiratzen badugu, ezaugarri teknikoek aurrerapen handiak izan dituztela ikusi dezakegu. Orain dela 10 urteko mugikorren ezaugarri teknikoek ez dute oraingoekin zerikusirik, garai haietako edozein ordenagailu baina adimentsuagoak dira gaur egun.
Hala ere, mugikorren tamainaren eboluzioa ez da lineala izan eta horregatik horren inguruko hausnarketa egitea interesgarria iruditzen zait.
Lehenengo mugikorra, harrigarria dirudien arren, 1973 urtean atera zen eta oso tamaina handikoa izateaz gain, 2 kg-ko pisua zuen. Mugikorra zen haririk gabe hitz egiteko aukera ematen zuelako, baina ez zuen mugikortasun handiegirik, 2 kg-ko traste batekin mugitzea ez zen xamurra izango.
Hemendik aurrera mugikorren tamaina txikitzen joan zen eta askoz eramangarriagoak bihurtzen joan ziren. Mugikorren pantailaren tamainak txikia izaten jarraitzen zuen, baina mugikorrak txikiagoak eta arinagoak ziren eta hardware aldetik ere hobekuntzak izan zituzten, kamera, konektibitatea, bibrazioa…
Telefono adimentsuak merkatura iritsi zirenean tendentzia aldatu egin zen, mugikorrak finagoak bihurtu ziren eta pantailaren tamaina handitzen joan zen. Mugikorrak gero eta handiagoak bihurtzen hasi ziren.
Orain burura etortzen den galdera eboluzio honek horrela jarraituko duen ala ez da. Mugikorraren pantaila gehiago handitzen bada tablet-ak dauzkagu eta mugikorrek daukaten eramangarritasuna galtzen da. Hala ere, gizarteak pantaila handiagoak nahi ditu, detaile handiagorekin ikusteko gaitasuna ematen duten gailuak.
Orduan, handia bada ez da eramangarria, baina pantaila txikia iruditzen bazaigu handiagoa nahi dugu. Nola atera dilema honetatik?
Pantaila handiak mugikor txikietan
Gaur egungo mugikorrekin planteamendu honek ez dauka logikarik, baina arazoa konpontzeko irtenbide bakarra dela argi dago. Nola egin mugikor txikia, baina pantaila handiarekin? Ba harrigarria den arren, konponbide hau uste baina gertuago daukagu.
OLED pantailak dira hutsune hori beteko dutenak, pantaila hauek tolesgarriak izago dira eta erabili nahi ditugunean zabaldu ahalko ditugu eta pantaila handi batekin aritu. Mugikorra erabili behar ez dugunean, pantaila tolestuko dugu eta tamaina txikia izango duen gailua poltsikoan arazorik gabe eramango dugu.
Mugikor fabrikatzaile nagusienak teknologia honen garapenean burubelarri sartuta daude dagoeneko eta urte honen amaierarako lehenengo gailu tolesgarriak merkatuan izango ditugula aurreikusten dute.
Apple-ek ere bere iPhone arrakastatsuan pantaila tolesgarria sartzeko asmoa dauka, oraingoz 2020 urterako izango duela pentsatzen da, baina argi dago etorkizuneko mugikor guztietan barneratuko den ezaugarria izango dela.
Agian orain arraroa egingo zaigu tolestuta dagoen mugikor bat atera eta zabaltzea, baina hemendik urte batzutara orain mugikorrarekin erosketa bat egitea bezain ohikoa izango da. Orain dela 10 urte kostako zitzaigun mugikor batekin erosketa bat egitea posiblea zela pentsatzea, baina teknologia munduan 10 urtetan ingurune guztia goitik behera aldatzen da. Orain zenbait lekutan “Itzali zure mugikorra mesedez” entzuten dugun bezala “Tolestu zure mugikorra” entzutera ohitu beharko gara.