Urtebete pasa da dagoeneko II. Euskarazko Interneten Egunean Lehen Hitza kanpaina aurkeztu genuela. Gune honetan bertan azaldu zituen Lorea Arakistainek kanpainaren nondik norakoak. Bi hitzetan esanda, kanpainaren helburua erabiltzen ditugun webgune, nabigatzaile eta telefono mugikorrak euskaraz konfiguratzea da, horrek web zerbitzu eta aplikazio erabilienak euskaraz egotea erraztuko duelako. Izan ere, hori da sarri hizkuntza jakin bat onartutako hizkuntzen artean gehitzea erabakitzeko erabiltzen den irizpidea.
Kanpaina horren parte zen Android-erako Lehen Hitza aplikazioa, mugikorra euskaraz jarri ahal izateko aplikazio lagungarria. Aplikazioak iaz harrera oso ona izan zuen, 10000 deskargen langa gaindituz. Erabiltzaileen mugikorrak euskaraz jartzeko balio izateaz gain (modelo horrek euskara edukitzekotan), aplikazioak erabiltzaileen gailuen oinarrizko informazioa gordetzen zuen: gailuaren marka, modeloa, Android bertsioa, euskara onartzen duen ala ez, etab.
Datu horiek baliatuta CodeSyntax-ekoekin batera egitasmoaren webgunean atal berri bat gehitu dugu. Atal horren helburu nagusia mugikor berria erosi nahi duten erabiltzaile horiei tresna bat eskaintzea da, euskaraz erabil daitekeen gailu bat erosten laguntzeko. Demagun, ni X eta Y modeloak erostearen artean zalantzan banago, https://www.lehenhitza.eus/mugikorrak/ helbidean kontsultatu ahalko dut bietako zein dagoen euskaraz. Biak badaude, primeran, eta bestela, erabakiaren balantza desorekatzeko beste arrazoi bat izango dut.
Orrialde nagusian labur-labur ikus daiteke aztertu diren Android gailuetan euskarak duen errealitatea zein den.
Horretaz gain, modelo edo marka jakin bat aukeratzekotan, aukeratutakoaren datuak ikusi ahalko ditugu: euskaraz dagoen ala ez, eta laginaren tamaina. Batzuetan ikusi dugu modelo bateko gailu batzuek euskara dutela eta beste batzuek ez (ez daukagu oso argi zergatik). Horrelakoetan, euskaraz dauden gailuen portzentaiari begiratzeaz gain laginari ere begiratu behar zaio, emaitzaren fidagarritasun maila zein den jakiteko.
IPhone erabiltzailea bazara edota iPhone bat erostea pentsatzen bazabiltza, eta euskaraz dagoen jakin nahi baduzu, erantzuna erraza da, ez dago. Beraz, gailua euskaraz egotea funtsezkoa bada zuretzat, Android bat erosi, 😉
Azkenik, tresnak eskainitako datuak egunero eguneratuko dira, modelo berrien informazioa edukitzeko, baita ahalik eta lagin handiena edukitzeko ere. Hortaz, garrantzitsua da mugikor berri bat erostean aplikazioa instalatu eta martxan jartzea, gainontzeko erabiltzaileek erositako modeloa euskaraz dagoen jakin ahalko dutelako, beraiek ere modelo hori erostekotan badaude ere.