Web garatzaileen Bibliako lehen orrian agertzen da SEO hitza. SEO egokirik gabe ez dago webgunerik, eta MOZ da SEO aztertzeko erabiltzen den zerbitzu erreferentziala. Tresna berria argitaratu du MOZek, Link Explorer izenekoa, eta honen bidez .EUS webguneen SEO bikaintasuna ere neurtu daiteke.

SEOren garrantzia hainbestekoa izan arren ez dago hau neurtzeko erabateko biderik. Googlek garai batean Page Rank izeneko tresna eskaintzen zuen bilaketetan webgune batek nola erantzungo zuen ikusteko, baina 2016an itxi zuen zerbitzua, eta, harez gero, web garatzaile bakoitzak bere tresnak erabiltzen ditu webguneen SEO maila neurtzeko. Alor askok eragiten dute webgune baten SEOan, baina Googlek esan ohi duenez, edukiaren kalitatea da eragin handiena duen adierazlea.

Hala ere, web garatzaile batzuen ustez .EUS domeinua erabiltzea ez da egokia SEO aldetik, baina arrazoi objektiborik ez dugu inoiz jaso. Esan bezala, webgunearen domeinua baino gehiago edukia da garrantzitsua SEO aldetik, eta domeinu berrien SEO portaera ona dela ere badiote beste askok. Esaterako, Google berak onartu du TLD berriak berdin tratatzen dituela bilaketen emaitzetan. Orain MOZ dator eztabaida bideratzera, .EUS domeinuaren eta TLD berrien SEO maila neurtuko duen tresna berria eskainiz: Link Explorer.

 

Google eta Domain Authority

Edozein SEO estrategiaren gakoa Googlen bilaketatan ahalik eta toki onenean agertzean datza. MOZek webgune batek Googlen duen emaitza neurtzeko garaian Domain Authority izeneko aldagaia hartzen du kontuan. Aldagai honek, webgune batek Googlen bilaketetan emango duen emaitza neurtzen du, domeinua bere osotasunean neurtuz eta 1etik 100erako puntuazio bat emanez, 1 txarrena delarik. SEO adituek MOZ bezalako tresnak erabiltzen dituzte neurketa hau egiteko, eta orain arte .EUS domeinuek 1 emaitza ematen zuten Domain Authority aldagaian. Baina, zergatik hain emaitza txarra?

 

MOZ Open Explorer eta SEO txarra

Merkatuan erreferentziazko tresna izan da MOZen Open Explorer SEO neurtzeko garaian, eta tresna honek orain arte TLD berri guztiek Domain Authority eta Page Authority aldagaiak 1 moduan kategorizatzen zituen, alegia, neurririk txarrena. MOZi honen arrazoia galdetuta, erantzuna sinplea izan da: Open Explorer-ek ez du gaitasunik TLD berriak ebaluatzeko, eta, ondorioz, puntuazio hori ematen zioten modu lehenetsian webgune guztiei. Esaterako, Google berak duen domeinuen plataforma (https://domains.google) ere 1 puntuazioarekin sailkatzen zuen MOZek, TLD berria izateagatik:

 

MOZ Link Explorer: TLD guztientzat SEO tresna

Honen aurrean, SEO adituek zalantzak izan dituzte orain arte eta ICANN bera ere PuntuEUS Fundazioaren salaketari erantzunez MOZekin jarri da harremanetan arazoa argitzeko. Baina ordurako MOZek arazoa aztergai zuen eta konponbidea bideratuta: tresna berria argitaratu berri du, MOZ Link Explorer izenekoa. Oraindik Beta fasean dagoen tresna honek SEO neurketa egokia egiten du merkatuan dauden TLD guztientzat, .EUS domeinua barne.

Tresna honekin probak eginda, ikus daiteke .EUS , .BLOG, .GOOGLE bezalako TLD berriek SEO emaitza ona ematen dutela, beste edozein TLDren maila berekoa. Esaterako, hona MOZ Link Explorer erabiliz egindako hainbat probaren emaitzak:

Link Explorer berriak orain arteko Open Explorer ordezkatuko du laster, beraz, aurrerantzean .EUS domeinuen SEO maila neurtu nahi izanez gero ez da arazorik egongo. Jarraian duzue tresna berria azaltzen duen bideoa:

Link Explorer: Overview

 

Informazio gehiago hemen aurkituko duzue baina ez esan berriz .EUS ez dela egokia SEO aldetik, ez baita egia.