Ez da zerbitzu berria, ezta berritzailea ere. Lehendik bazeuden sarean fitxategi handiak partekatzeko hainbat tresna eta zerbitzu, baina Tori.eus-ek baditu hainbat bereizgarri, besteak beste, euskara hutsez egotea.

Internet bidez fitxategiak partekatzeko bide ugari erabili ohi ditugu: ohikoena, posta elektronikoz bidaltzea izaten da, baina fitxategia handia den kasuetan mugak izaten ditugu. Horrelakoetan, alternatiba ugari daude, esaterako Dropbox, GoogleDrive edo Mega bezalako zerbitzuak erabiltzea.

Baina fitxategi handiak hirugarren bati bidaltzerako garaian Wetransfer edo Dropsend moduko webguneak izaten dira erabilienak. Zerbitzu hauek, ordea, ez daude euskaraz, ingelesez egon ohi dira nagusiki. Erabilera mugatua da gainera: oinarrizko bertsio bat izaten dute doan, eta aukera aurreratuak behar izanez gero ordainpeko bertsiora joan beharra dago. Doako zerbitzuak honako mugak izan ohi dituzte:

  • Ezin dira fitxategiak enkriptatu, eta ondorioz, gure fitxategiak modu irekian partekatzen ditugu hirugarren baten zerbitzarian.
  • Tamaina mugak: ezin dira oso fitxategi handiak partekatu.
  • Fitxategiak zerbitzaritik ezabatzeko ezin dugu iraungitze-datarik ezarri.
  • Hileko bidalketa kopurua mugatua.

Horregatik, PuntuEUS Fundazioak Dinahosting enpresarekin elkarlanean Tori.eus zerbitzua abiatu du. Tori.eus euskara hutsez izateaz gain, fitxategi handiak partekatzeko doako zerbitzua da, eta honako ezaugarriak ditu:

  • 2Gb arteko fitxategiak bidali daitezke
  • Fitxategiak partekatzeko hainbat modu ditu: Posta elektronikoz zuzenean bidali daitezke, edo norberak esteka kopiatu eta sarean partekatu dezake.
  • Fitxategiak enkriptatzeko aukera: Erabiltzaileak fitxategiak zerbitzarira igo aurretik pasahitz bat ezarriz enkripta ditzake. Horrela gure fitxategiak kontrolpean izango ditugu.
  • Fitxategien iraungitze-data ezartzeko aukera: Partekatutako fitxategia zerbitzaritik automatikoki noiz ezabatuko den zehaztu daiteke.
  • Deskarga kopurua mugatzeko aukera: fitxategi bat gehienez zenbat aldiz jaitsi daiteken zehaztu daiteke.
  • Bidalketa berean fitxategi bat baino gehiago igo daitezke zerbitzarira.

Esan bezala, bazeuden lehen ere Tori.eus bezalako zerbitzuak sarean, baina euskaraz eta libreak ez. Hutsune hori betetzea da ekimen honen helburua. Erabili eta zabaltzea baino ez zaigu geratzen.